Bonbilla erre zenean.

Udazkenekoa zirudien udako egun goibel horietako bat zen. Oso hemengoa.  Sargoriarekin nahasten zitzaidan azken momentuko urduritasuna. Mekaguen! Iñaki, nork aginduko ote zigun guri UEUn ikastaro bat gidatzea?  Eta Iñaki (agian berak zuelako ikastaro haren errua-edo), beti bezain motibatua: primeran aterako da eta!

Eibar. Aparkaleku ezin aldapatsuagoa. Usain nahastezin bat. Gurutze kristauaren ordez igitaia eta mailua zuen eskela bat. Aldapa ezin aldapago bat. Eta, azkenik, UEU-ren egoitza: Markeskoa jauregi dotorea.  Bertan, kartela: Komunikazio tailerra elkarteentzat. Bai: errua gurea zen, neurri handi batean.

Badaezpada, argituko dugu ez zela komunikazio ikastaro bat ematen genuen lehenengo aldia. Ordura arteko gehienak chapeau atera ziren, ez gaitezen apalegiak izan. Baina egun horretakoa berezia zen. Hura zen Udako Euskal Unibertsitatean irakasle-gisa-edo arituko ginen lehenengo aldia. Guk abiapuntua eraman genuen, baina norakoa ikasleen esku egoten da beti. Nora eramango ote gintuzten oraingoan? Nora, eh? Noraaaa!?!?!

Hilabeteak pasa dira, eta orain galdera beste bat da: nora ez ote gintuzten eraman? Lagun gutxi ziren (tailerra bertan  behera uzteko zorian egon ginen), baina bazterrak nahasten dituzten horietakoak. Ez ziren nolanahiko ikasleak, UEU ez delako nolanahikoa. Ez da normala. Eta seguraski ez du normala izan nahi, normala izateak normak eraldatzeko beldurra izatea suposatzen badu.

Ikasgelako bonbilla erre zenean konturatu nintzen: energia eraldatzailea dabil UEU-ren zainetan. Anperio ameslariak, boltio borrokalariak. Ohiko bonbillak ez dira nahikoak UEU-n. Argi indartsuagoa piztuko duen gizarte batekin amets egiteko aukera dugu Udako Euskal Unibertsitatean udan, udazkenean, neguan eta udaberrian.

Ikastaroa ez zen guk espero bezain ongi atera… baina bonbilla erre genuen! Eta orduan konturatu nintzen.

Gero berriro aldapa, berriro usaina, berriro eskela, berriro aparkaleku ezin aldapatsuagoa, berriro Gasteiz.

Itsaso Estarrona Elizondo (Komunikazio-tailerra elkarteentzat Udako Ikastaroaren arduraduna, 2012 ) / Argazkia: qisur

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude