Ez dira urte gehiegi igaro UEU ezagutu eta ikastaro batean izena eman nuenetik.
18 urte nituen orduan; batxillergoa amaitu berri, udako parrandak, lehen aldiz, nire interesekoa izan zitekeen ikastaro batekin tartekatu nahi izan nuen. Jaia bai, formakuntza ere bai! Baina ez edonolako formakuntza gainera, nik aukeratutako formakuntza baizik.
Birritan pentsatu gabe, trena hartu eta ikastaroen abenturan murgildu nintzen. Murgildu, ordutik ezin izan naizelako desengantxatu… Iruñeako ikastaro horren ostean, Eibarkoak etorri zirelako. Mundu berri bat zabaldu zen nire begien aurrean. Ikastaroen mundua, alegia.
Esan bezala, Iruñeara joatea abentura handia zen. Zeharo loguretuta esnatzen nintzen Gasteizen, trena hartu ondoren ,Villavesa, eta guztia, puntu puntuan Alde Zaharreko Hizkuntza Eskolara iristeko. Bertan, Euskal Herri osoko pertsonak; gazte eta ez hain gazteak. Hezkuntza, jabetza, harremanak, pertsona moduan hazteko aukera.
Eta urteekin, ezagunak, eta lagunak. Ikasle izatetik, irakasle izatera. Baina UEUn eta bizitzan, beti ikasle. Eskertzeko mila bizipen.
Iñaki Landa (UEUko Kazetaritza Saila) / Argazkia: 2007ko Udako Ikastaroak, Hizkuntza Eskolan