Jakituriaren aztarna galduak

Jakituriaren eta ezagutza soilaren arteko zubiak lausoak dira oso. Gizarte hiper-indibidualizatuetan ezagutza pilaketa nagusitu da, kredituak, tituluak eta doktoretzak erdiesteko lasterketa zoroan. Ezagutza pilaketa soila gisa ulertuta alegia, merituak lortzeko basamortu akademikoa. Jakituriaren oinarriak (esperientziak partekatzeko tresna gisa ulertuta) erabat baztertu izan dira, bizitzaren esperientziek eta ezagutza akademikoek inongo zerikusirik izango ez balute legez. Alta, zehazki gogoratzerik ez dudan 2000. hamarkadako uda urrun batean UEUren Iruñeko egoitzan izan nuen esperientzia guztiz bestelakoa suertatu zitzaidan, jakintsu bilakatzeko aukerak ahalbidetu baitzidan, ikasle-irakasle (maisu-entzule) dikotomia orekatuan oinarrituta. UEUn garatu genuen komunikazio esparrua ez zen bertikala, ohikoa den modura, irakasle eta ikaslearen arteko muga guztiak gainditu zituen.

Yoga ikastaro batean parte hartzeko deitu zidaten, yoga puri-purian zegoen garai batean. Erronka gisa hartu genuen garai hartan yogaren antzinako filosofia unibertsitatean zabaltzea. Egoaz haraindiko erronka. Norbaitek pentsa zezakeen ohiko “maria” baten aurrean geundela. Denbora pasa eta kreditu errazak jomuga duen “new age”-aren mugimenduko sasi-irakasgai bat. Horrelakoak eta bestelakoak pentsatzea zilegi da. Finean dena da zilegi. Eta areago UEUren esparru askean pentsatu ere. Pentsatu, jabetu, ohartu…

Nire kasuan pertsonaz haraindiko formatuan “partekatu” nahi izan nuen “yogaren jakituria esperimentala”. Oso esperientzia praktikoa eta didaktikoa bilakatu zitzaidan uda urrun hartan, eta nago ikasleek “jakingarri” zatekeen zerbait eraman zutela, kredituez gaindi. Egorik gabeko zirrikituetan murgiltzea ez baita batere erreza lasterketa akademikoaren garaiotan.

Nire esperientzia pertsonalari dagokionez, oso “aberasgarria” izan da, hitzaren zentzu sakona erabilita. Nire egoa ez den zerbait elikatu baitu esperientziak berak. UEUk herri mugimendu parte-hartzaile gisa duen indarraz jabetu bainaiz urteak iragan ahala, eta herri mugimenduak ez ohi dira indibidualizatuak izaten, horren aldeko joera inposatu nahi den arren. Jakituriaren gurpil horrek aurrera egin behar du lasterketa-pilaketa zentzugabeetatik at, eredu parte-hartzailean oinarritua beti ere.

Hasier Rekondo (UEUko Filosofia Saila) / Argazkia: AcrilicArtist

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude