UEU ezagutzeko aukera 1994ko udaran izan nuen. Kaliforniari buruzko hitzaldi bat ematera gonbidatu nindutenean, Iruñean, euskaraz. Orduak eman nituen, nire lanaren barne-muina euskaratzen, ordurainoko nire ekoizpen guztia gaztelaniaz izan baitzen. Ikasketak, karrera… erderaz egin nituen eta irakaskuntzan euskaraz aritu arren, pauso hori ematea falta zitzaidan.
Jardunaldi hartan, historialari euskaldunekin egin nuen topo. Nire ustekabea haiekin partekatu ondoren, UEUk nire interesa piztu eta historia sailean parte hartzea erabaki nuen. Geroztik hor nabil, beste sailkideekin batera, historiari eta euskarari bere buelo egokia eman nahian.
Lerro hauek idazterakoan, UEUren keinua, oportunitate hura, pizgarri handi bat izan zela konturatu naiz, beharrezkoa prexixo. Jende asko ezagutzeko aukera eskaini dit UEUk, eta ahaztu ezinezko uneak pasa izan ditugu lagun giroan, entzule gisa, edo topaketak eta jardunaldiak antolatzen, arretazko desantolaketak barne.
UEUren presentzia oso bizia azaldu da gizartean, eta ezinbestekoa euskararen argitan ekin nahi duenarentzat. Atseginez beteko nintzateke UEUk jarraituko balu beste 40 urtetan euskararen interesa eraberritzailea arlo guztietara bultzatzen.
Idoia Arrieta (UEUko Historia Saila)