Larrañetik Larraonarainoko kalbarioa

Informatika fakultatean karrera ikasten aritu gineneko lehen urteak beti izango dute txoko bat nire RAM memorian. Ez dut horretarako disko gogorrerako atzipen motela erabili beharrik. Lehenengo urteko kurtsoa amaitzen ari ginela izan nuen lehenengo aldiz UEUren berri. Hasiera batean uztailean ikasteko gogo asko izan ez arren, irakasle batzuk eta aurreko urtetan bertan izan ziren beste ikasle batzuk animaturik, izena eman genuen.

Segituan konturatu ginen unibertsitate hura ez zela besteak bezalakoa, jendea edozertan laguntzeko prest, urteroko lagunak elkar agurtzen eta irakasleak ikasle paperean! Horrek bai harritu gintuela, urteko osoan irakasle izan genituenak gure ondoan eserita zeuden, ikasle bat gehiago ziren!

Eskola ondorengo futbito partidak, ondorengo garagardoak, afariak, San Fermin ondorengo Iruñea eta kontatu ezin diren beste hainbat kontuk osatzen zuten Larraonako unibertsitatea. Eta gu hantxe saltsa guztien erdian.

Hala ere, ahaztuko ez dudan urtea 1996koa izan zen. Urte hartan Tourrak etapa amaiera bat zuen Iruñean eta justu nire UEUko egonaldiarekin batera tokatzen zen. Irrikitan geunden egun hura noiz iritsiko. Indurainek bost Tour irabaziak zituen eta bere jaioterritik, Atarrabiatik igaroz, Iruñean amaitzen zen etapa batekin omendu nahi izan zuen antolakuntzak urte hartan. Baina ez zen Atarrabiatik soilik igarotzen, Larraona paretik ere igarotzen zen, eta han geunden gu txirrindulariak noiz iritsiko zain.

Baina Larrañeko maldek Indurainen indarrak xahutu zituzten eta burumakur iritsi zen helmugara Atarrabiako semea. Larrañen hasi zen kalbarioaren testigu izatea tokatu zitzaigun Larraonan.

Ibon Aizpurua (UEUko Informatika Saila) / Argazkia: Iván Benítez

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude