Bidelagun bikaina

Euskalgintzako elkartea da Garabide, euskararen berreskurapen esperientzia gainerako hizkuntza gutxitudun komunitateekin konpartitzea helburu duena. Hizkuntza eta garapena lotzen ditugu, sinesten baitugu komunitate batek bere hizkuntza berreskuratzeak herri horri indarra ematen diola; are gehiago, herri batek bizitzeko, bere-bereak dituen ezaugarriei bizirik eustea beste aukerarik ez duela. Dagoeneko bidetxo bat egina dugu, bost urte hauetan. Ezagutu ditugu Abya Yalako hainbat hizkuntza komunitate (Ekuadorko kichwak, Guatemalako Kaqchikelak, Mexikoko Maseualak, Kolonbiako Nasak…) eta esperientzien elkartrukean ikasitakoz beteta daude gure bulegoko armairu eta apalategiak, eta baita elkartea osatu dugun eta osatzen dugun pertsonon buru-bihotzak ere.
Hala, jakituria hori eta bizipen horiek, jende gehiagorekin konpartitzeko gogoa genuen aspalditik. Euskal Herrian gure hizkuntzagatik lan egin dutenekin, gainerako hizkuntza komunitate gutxituekiko sentsibilitatea dutenekin, hizkuntzen galeraz eta jatorrizko herrien desagerpenaz kezkatutako gure hainbat herrikiderekin. Bai bagenekien, gai hauekiko interesa bazegoela gure herrian.
Ikastarotxo bat, mahai-inguru bat, topaketa xume bat antolatzeko nahia piztu zitzaigun. Elkartearen inguruan bada jende kualifikatua, esateko asko duena, asko bizitakoa, baina… Non egin ikastaroa? (Gure elkartearen egoitzak ez ditu baldintzak betetzen.) Nola antolatu? (deialdia egin, zabaldu, hedabideak zaindu…)? Nahikoa lan!
Eta hara non UEUk ikastaroak antolatzeko eskaintza egiten duen, 40. urteurrenaren harira. Primeran! Nolatan ez zitzaigun lehenago bururatu?! Hala egin genuen proposamena, eta baita UEUk onartu ere.
Ikastaroa antolatzeko erraztasun guztiak eskaintzeaz gain, gure elkarte-filosofiarekin bat datorren unibertsitate batekin egin ahal izan dugu lan. Esperientzien elkartrukea bultzatzen duen unibertsitate batekin, hizkuntza gutxituekiko sentsibilitatea duen unibertsitate batekin, eta azken batean, geure hizkuntza komunitate txikiari garapenerako gaitasuna eta indarra ematen dion unibertsitate batekin.
Esker ona adierazi nahi genioke, honenbestez, UEUri. Gure elkartearentzat, bidelagun bikaina izan da. Eta luzea denez egiteko dugun bidea, ea zatitxo bat eskutik helduta egin dezakegun etorkizunean ere! Mila esker!

Miren Artetxe (“Euskararen berreskurapenaren esperientzia eta hizkuntza gutxituen biziberritzea: ildo berri bat garapenerako lankidetzan” Udako Ikastaroaren arduraduna, 2012)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude