Bidai liburua

1995ean izan zela uste dut. Hainbeste urte pasa ondoren ez naiz oso ondo akordatzen. Urte bete lehenago arteari buruzko ikastaroekin hasi ginen eta ilusioz ekin genion udako bigarren arte ikastaroari. Hiria eta paisaia gaitzat hartuta hitzaldiak eta bisitaldiak uztartzea zen helburua. Horretarako txango batzuek antolatu genituen Nafarroako paisai muturrekoak bisitatzera eta hirian zehar ibiltzera argazki kamerak eskuen genituela (horretarako polaroid delako batzuek erosi genituen; ai ama! historiaurreari buruz hitz egiten ari naizela ematen du!). Iratiko berdetasunetik Bardeetako lehortera pasa ginen Iruña hiriko eskultura-paisaia aztertu ondoren. Jose Angel Lasa eta Javi Moreno luxuzko gidariak izan ziren. Oraindik gogoratzen dut Valtierra herriko kobazulotan egindako etxeen bisitaldiak eragin zigun harridura eta afaldu gabe geratu ginela Larraona ikastetxera berandu iritsi ginelako.

Bestalde, artea zuzen-zuzenetik ezagutzeko, Jose Ramon Anda eskultoreak Bakaikun duen estudiora egindako bisitaldia esperientzi ahaztezina izan zen.

Azken emaitza edo ikastaroaren laburpena bidai liburu bat egitea zen, edo bidai liburuxka hobeto esanda, aste beteko epea kontuan izanda. Horretarako artista eta idazleen parte hartzeak izan genituen: Joxe Mari Iturralde bidai liburuen inguruan hitz egiteko, Xabier Agirre, artisten liburuei buruz, e.a.

Ikasteko eta ikusteko beste modua izan zen. Idatzizko materiala eta irudiak bilduta aste bete elkarrekin bizi genuen ikastaroa osatu daiteke ikasle bakoitzaren ikuspuntutik.

Gaur egun ikastaroan parte hartutako asko artista ezagunak dira, nazioarteko erakusketetan eta arte sarean erraz mugitzen diren horietakoak. Nire buruari egiten diodan galdera da, gordeta edukiko al dute UEUko 95eko ikastaroan egindako bidai liburua?

Ismael Manterola (UEUko Arte Sailburua) / Argazkiak: xavi talleda eta  mikel450

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude