Aspaldian gabiltza UEU eta ni elkarren eskutik, modu batera ala bestera. 80etan Euskal Filologiako ikasle nintzen garaietatik, gaur egun arte.
Hasierako garaietatik zer esan: ze uda onak! Zenbat ikasi genuen eta zer ongi pasatzen genuen!
Oroitzapen asko datozkit burura: Iruñeko udako bero gogorra, bazkari komunitarioak Larraonako jangela handi hartan, logela txiki baina guretzat artean ezin egokiagoak, gaueko Larraona bertako dantza-saioak, baina batez ere Euskal Herriko bazter guztietako jendea biltzen zela bertan, eta ondorioz, bazter guztietako hizkerak entzuten zirela. Nik orduan deskubritu nuen, adibidez, ahozko bizkaiera!
Beste munduei eta beste euskalkiei lehioa irekitzen zitzaidan uda haietan.
Filologiakoa izanda, hizkuntzalaritzan matrikulatzen nintzen gehienetan. Dialektologiaz asko ikasi genuen. Gotzon Aurrekoetxea eta Iñaki Gaminde ditut ongi gogoan, besteak beste. Ezin ahaztu Andolin Eguzkitzaren eskola mamitsuak eta originalak ere.
Baina hainbeste gauza zegoen egiteko, hainbeste kurtso interesgarri, hizkuntzalaritzakoez gain!. Gogoan dut, urtero beste matrikularen bat egiten nuela: antzerkilaritzan, literaturan, bertsogintzan, etab.
Denetarako denbora zegoen.
Karrera bukatuta, gelaren beste aldean jarri nintzen. Ikaslearen tokia utzi eta irakaslearen papera hartu nuen. Donostiako informatika fakultateko informatikariekin batera hamaika bidaia egin ditugu Iruñera. Donostiako Informatika Fakultateko IXA taldearen ikerketen lehen erakusgaiak izan ziren haiek: informatikariak eta hizkuntzalariak, elkarrekin estreinakoz, hizkuntza, euskara, eta informatikaren inguruan. Ezin nahikoa eskertu orduko hizkuntzalaritza sailari lanok aurkezteko eman zigun aukera.
Urte batzuk geroago, eta gorago aipatu dudan ildotik, HIZTEK sortu zuen UEUk, hizkuntza eta teknologia uztartzen zituen graduondokoa. Bertan irakasle egon nintzen hainbat urtetan. Lan itzela sortu zitzaigun artean, izan ere, gai horren inguruan ikasmateriala sortu behar izan genuen garai hartan. Baina zer pozik aukeragatik. Ezin ekimen hau ere txalotu eta eskertu gabe utzi.
Urte horiek ere oso gogoan ditut. Graduondokoa bukatu zuten lehen ikasleak bereziki gogoratzen ditut, baita ikasle eta irakasleok tarteka egiten genituen bazkariak ere. Ze giro ona!
Eta gaur egunera iritsi arte, UEUrekin batera, beti erronka berriei aurre egiteko prest.
Merezi duelako eta horrelako unibertsitate bat merezi dugulako.
Itziar Aduriz (UEUko Hizkuntzalaritza Saila) / Irudia: Luis Lucien Bonaparteren euskalkien mapa