Komunitatea gara

Matematikaren irakaskuntzan aritzen garenok hainbat ardura izaten ditugu gure egunerokoan. Bi aipatuko ditut, gehiago ere badiren arren: teknologia berriek matematikaren transmisioan duten eragina, argudio logikoak ez baitira modu berean lantzen paperaren gainean edo ordenagailuaren aurrean; eta Euskal Herriko curriculum aniztasuna, tokian tokiko administrazioaren araberakoa baita.
GeoGebra softwarea aitzakia gisa hartuz, azken on-line ikastaroek argi utzi dute UEU foro egokia dela Euskal Herriko matematika irakasleok proiektu komunetan lan egiteko. Indar handiko baliabide informatiko baten garapenean ari gara, programaren bertsio berriak euskaratuz eta tresna horrekin material didaktiko berriak sortuz.
Proiektu horretan gabiltzan guztiak komunitate izatea garrantzitsua da, Euskal Herriko unibertsitate-komunitatea osatzen dugula sinestea.
Horrez gainera, lotura afektibo handia dut UEUrekin. Institutuan geundela, Iruñean ez zegoen eskaintza kultural handirik euskaraz, eta Larraonako saio osagarrietara hurbiltzen ginen musika eta antzerkia ikustera. Matematika karrera ikasi bitartean ikasle izan ginen UEUn, eta, orain, irakasle. Gauzak zer diren. UEUrekin batera zahartzen jarraitu nahiko nuke, zertan lan egin dagoen bitartean.

 
Aitzol Lasa (Nafarroako Unibertsitate Publikoko matematika irakaslea) / Argazkia: Electric-Eye

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude