Eztabaida sutsuak izerdi patsetan

Rol desberdinak jokatzea tokatu zait Udako Euskal Unibertsitatean, ni neu bizi nintzen egoeraren araberakoak. Hasieran, ikasle-bisitari izan nintzen. Bisitari diot, berez, ez gindoazelako (beti lagun taldean joan naiz) ezer zehatzik ikastera; harat honat ibiltzen ginen, ordea; gaur, literaturako klase interesgarri batera, poesiaren baten musikaz liluratzera; bihar botanikako beste horretara, txango erakargarri bat antolaturik zutelako eta irakaslea are erakargarriagoa zelako… Aukera ezin hobea zen aspaldiko lagunak topatzeko eta agurtzeko, eta giroa bera, beti izaten zen atsegina. Gogoan ditut afalosteko kantaldiak eta Iruñeko izarren azpian izandako elkarrizketa gozoak. Euskararen aldeko ahaleginak batzen gintuen eta lagun giroa nagusitzen zen, giro alaia, beti ere.

Denbora pasatu ahala, adinak ematen omen duen seriotasun pixkaz jabeturik, irakasle rola jokatzea egokitu zitzaidan. Orduan egun gutxi batzutan konzentratzen zen zeregina eta gorputza (batez ere, burua) ez zegoen kapritxoetan ibiltzeko moduan. Gerra irabazi behar zitzaion bazkalosteko entzuleen logurari, eta desafio galanta izaten zen, inondik inora. Baina garai hartatik hoberen gogoratzen dudana Soziologia eta Zientzia Politikoan antolatzen genituen mintegi moduko haiek dira. Larraonako bero itogarria, gure udako jantziak, oinetako guztiak sandaliak jantzita, izerdi patsetan ematen genuen arratsaldea… eta etengabeko eztabaidan. Berba eta berba, jario amaiezin batean murgildurik, zerua eta infernua astintzen genituen bertan.
Irakasle lotsati samar bat gonbidatu genuen batean eta, bataila amaituta, esan zigun, tamalez, ez zela gehiago itzuliko! Gauza asko eskertu behar dizkiot UEUri, eta, asko ere ahaztezinak izango dira betiko. Horien artean, zalantzarik gabe, Larraonako arratsalde bero haietako eztabaida sutsuak geratuko dira.

Txoli Mateos (UEUko Soziologia Saila) / Argazkia: rcbodden

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude