Itzulpengintza eta UEU aspalditik ibili dira eskutik helduta. Izan ere, UEU ezinbestekoa izan da, euskal itzulpengintza mundu akademikoan sartzeko, artean lizentziaturarik edo graduondokorik ere ez zela. Hala, askok halaxe izan genuen lehenbiziko harremana geroenean lanbide izango genuen honekin.
Duela ia hogei urte izan nintzen lehen aldiz UEUk antolatutako ikastaro batean. «Haur-literaturaren itzulpengintza» edo zuen izena, eta han, Larraona famatuan, ezagutu nituen Juan Kruz Igerabide, Ana Morales, Asun Garikano, Gerardo Markuleta eta beste hainbat izen printzipal. Lehen ikusian jota maiteminduta geratu nintzen. Hurrengo urtean ere itzuli ginen, eta… gaur arte.
Geroztik, zenbait ikastaro antolatzen lagundu dut: duela lau urte EIMAren idaztarauei buruzkoa eta aurten Literatura Unibertsala itzultzeari buruzkoa. Aurtengoa berezia izan da, gainera: batetik, UEUren urteurrena genuen, eta, bestetik, EIZIEk sustaturiko Literatura Unibertsala bildumaren hirugarren aroa.
Eta UEUk ez digu hutsik egin, oraingoan ere, zeren adin guztietako itzultzaileentzat elkargune ezin hobea izan baita, hain berezko duen klaserik gabeko giro horretan (klasearen adiera bietan). Irakasleak pozik, itzultzailearen zeregin bakartia jendaurrean erakusteagatik, eta ikasleak ere pozik, profesional bikainen hitz zuhurrak entzuteagatik.
Batzuk, beharbada, Iruñeko egonaldien minez egongo gara, baina hori zahartzen hasiak garen seinale baizik ez da, UEUk ez baitu funtsezkotik ezer galdu, eta hor dago, eta eskerrak hor dagoen.
Iñigo Roque (Literatura unibertsala itzultzen Udako Ikastaroaren koordinatzailea, 2012) / Argazkia: Horia Varlan