Etxean bezala

Urteak dira, bai, eta beste bizipen asko denborak eramaten baditu ere, ezin izan ditu eraman UEU-k Iruñean antolatutako ikastaroetan izandakoak. Beste garai batzuk ziren haiek eta geu ere bestelakoak ginen. Hala ere, ezin ahazte horrek adierazten du han eta hangoekin bizi izandakoek markatu egin gintuztela.

Zenbaitetan ikastea zen helburu, beste hainbatetan irakastea, bien arteko alderik balego bezala. Bata ala bestea izan, bagenekien une eta gune berezi hark emango zizkigula beste hainbat aukera ere. Eta zain egoten ginen, irrikitan, eguna noiz iritsiko!

Larraonako eskilarak ikusten genituenean halako iritsi gara sentsazio bat izaten genuen guk. 7 edo 15 egun haietan gure etxea izango zena, benetean sentitzen genuen gure. Sarrera hura, atezain hura… kanpotik ikusita, itsusi eta bat ere erakargarri ez. Baina, hala ere, bestelako arnasa hartu eta berriz ere etxean geundela sentitzen genuen. Jakina, han egoten zen M. Carmen harrera egiteko, han Nekane lehen musuak emateko, han Idoia planak zein ziren esateko, han Alberto eta bere koadernoa nondik nora jo behar genuen azaltzeko… Nola ez ginen ba etxean sentituko!

Lanera joaten ginen denok baina lan guztien gainetik bazen guztion artean egiten genuen lan nagusia: elkarrekin egon, elkarrekin hitz egin, esperientziak eta ezagutzak trukatu… Horrek ematen zien benetako izaera garai hartan Udako Ikastaroei. Ez zen bereizten irakaslea eta ikaslea, ez euskaldun zaharra eta berria, ez betidanikoa eta iritsi berria… guztiok osatzen genuen talde bat eta hara, hor doaz fisikakoak edota kontuz, kontuz, horiek informatikariak dira entzun eta esaten bagenuen ere, txirrinak jo eta denok bazkaltzeko biltzen ginenean, han ez zen inor aparte geratzen.

Dena ez zen lana, ordea. Geure juergatxoak egiteko tartea ere izaten genuen. Hori ere ez dugu ahazteko! Horretan ere Glotodikatikoak izaten ziren prestuenak. Tito kapitan generala genuela, eguneko lanak bukatu eta zerbezatxo batzuk edatera joaten ginen: zenbat eztabaida, zenbat proiektu berri… eta batez ere, zenbat lagun! Bertan amaitzen zen erretzeari uzteko aldez aurretik hartua genuen erabakia…. Bertan, zerbezak gorabehera, hitzek ere mozkortzen gintuzten!

Abel Camacho eta Pedro Lonbide (Ebaluazioa Moodle-en Udako Ikastaroaren arduradunak. 2012) / Argazkia: Larraonako pasiloak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude