Nire aurreko ikasleen esperientziak entzunda irrikitan nengoen UEUra joateko eta horrela egin nuen unibertsitatean fisika ikasten hasi nintzen lehenengo urtean, 1982.ean hain zuen. Ikasle modura Larraonako ikastaroak bete-betean egin nituen; fisikako edo matematikako ikastaroetaz gain beste arlotako eskoletara ere joaten ginen. Baina bereziki oroitzen naiz bestelako aisialdiko ekintzetaz. Gaur egun “zeharkako gaitasunak” deiturikoak ondo baino hobeto lantzen ziren UEUn. Horren adibide argazki honek erakusten duen futbol lehiaketan parte hartu genuen neska taldearena,1982. urtekoa!. Nire ustez nire bizitzan inoiz jokatu dudan futbol partida bakarra izan da hori. Arbek gidatutako dantza saioak ere oso arrakastatsuak izaten ziren garai hartan.
Ez dut ahaztuko han eman nuen nire lehenego eskola, Joserra Etxebarriak bultzatuta, erlatibitate bereziari buruz. Oraindik gogoratzen dut nola prestatu nituen gardenkiak; ez neukan azetatorik, baina forratzeko plastikoa moztu eta kitto… eta gero ai ze nerbioak!, baina oso harro ere emandako lehen hitzaldiaz. Hurrengo urteetan tesina, tesiaren inguruan, eta beste gai asko, beti ilusio handiarekin.
Hizlarien artean ba zeuden “inkondizionalak”, nola ez Joserra Etxebarria, Patxi Ugalde irakasle-aktorea, Juan Mari Agirregabiria, Jesus Arregi astrofisikaria, Txema Pitarke, Fernando Plazaola, Oscar Ezenarro… Pedro Etxenike jauna ere handik pasatakoa da. Fisikako sailburuek bai izan zuten meritoa jendea engainatzeagatik uztailaren egun bero hoietan Iruñara joateko eta gainera fisikaz hitz egiteko: Joserra, Fernando, Txema, Josu, Kanpi, Danel.
Irakasle garaian nire parte-hartzeak laburragoak izan ziren. Eskerrak horri, ez dut gogoratzen zein urtetan izan zen, baina salmonellaz libratu nintzen egun bat beranduago iristeagatik.
Azkeneko urteetan fisika saila ez da aktibo egon baina, zalantzarik gabe eragin handia izan du fisikako euskazko lerroaren garapenean, UEUn prestatutako materialen bidez eta EHUko irakasle euskaldunen plataforma izanik.
–
Nerea Zabala (UEUko Fisika Saila) / Argazkia: Nerea Zabala
Fernado Mijangos says:
kaixo Nerea:
Argazki ederra atera dizute. Garai horretako new materials erabili zenuten jokatzeko.
Hortxe doazkizu argazkian agertzen zareten neska batzuen izenak ea ezagutzen baituzu.
Olatz Benito del Valle, Maite Aristegi, Bego Aurrekoetxea, Irune Manzano, Miren Saitua, Izaskun Obieta, Ibone Amezaga, baloiarekin Laura Mintegi bere ondoan Nerea Zabala, Miren Kareaga, Nagore Iriondo,..
Zuk dituzu guztien izenak?
Nerea Zabala says:
Kaixo Fernando:
Eskerrik asko informazioagatik.
Bai, nabari denez aurreko mendeko puntako materiala erabili genuen. Egia esan izen batzuk ba nekizkien, baina ez denak. Dena den, zure zerrendan ba daukat beste izena gehitzeko: Ixiar Eskisabel da nire ezkerrean dagoena. Agian zerrenda osoa osatuko dugu.