Larraonara joan nintzen uda haren aurretik etxeko apaletatik eta liburuetatik ezaguna zitzaigun UEUren logoa. Dozena erdi bat urte lehenago bertsotara joanak ere baginen, artean arrotza zitzaigun unibertsitate-giroko Larraonara bertara, espedizioa Beasaindik montatuta. Lehen (eta azken) harreman akademikoa uda hartan izan nuen ordea. Gogoan dut San Ferminak bukatzear iritsi ginela Iruñera, ikastaroko lehen egunak Pobre de mí sonatuarekin bat egin zuen, eta guk biak nahi. Horixe pobre de mí…
Makuluekin egin nuen Iruñeko astea. Hanka izorratua banuen ere ez zen aitzakia alde zaharretik buelta egin gabe geratzeko. Informatika sailaren berezitasunaz ohartzeko ere ez zen denbora askorik behar. Ordura arte Campusean ere ezagutu gabeko halako giro kulturalago bat topatu nuen UEUn. Gerora behin baino gehiagotan pasa izan zait burutik berriro ere joan behar dudala (adinarekin gero eta gehiago, ikasle-garaiaren oroiminez agian) baina ez dut tarterik hartzen; batzuetan lana dela, besteetan opor hasi berriak…
Nere bizipenak oroitzeak eta besteenak irakurtzeak animatuko nau, agian, asko baino lehen berriro urteren batean bizipen berrien bila joatera.
Aitor Sarriegi (UEUko Informatika Saila) / Argazkia: iaramburu