Komunitatea gara

Urteak dira lehenengoz UEU ezagutu nuela, neu ere orduan gazteagoa nintzela, jakina… Eta sasoi hartan, nik ordura arte Pamplona moduan ezagutzen nuen hirian euskarazko unibertso bat eskaini zidan UEUk. Ez dauzkat ahazteko Larraonan emandako orduak eta bertan izandako mundua konpontzeko solasaldiak. Gauzak apur bat serioago aztertuta, aldiz, UEUk eskaintzen zuen albo-onura bat baino ez zen hori.

Benetan txalogarria dena da, nire ustez, duela  urte mordoa  hizkuntzen irakaskuntzarako Sugestopedia bezalako gai aitzindariak planteatzea, eta beste inon entzuten ez ziren gaiez hitz egitea, eta gainera, noski, euskaraz. Eta gauza bera esango nuke harrezkero informatika, itzulpengintza zein psikologia arloan ikasle bezala aritu naizen ikastaro guztiei buruz.

Nolanahi ere, azken urteotan UEUrekiko dudan harremana aldatu egin da, eta bezero izatetik barreraren beste aldera pasatzeko suertea izan dut. Suertea, benetan diot, UEUk erakunde bezala  gaur egun ere gizartearen kezka eta premiei erantzuten dieten punta-puntako gaiak proposatzen jarraitzen duen bitartean, UEU, antolakuntza-sistema bezala, niretzat erreferente garrantzitsua izan delako.

Urteak aurrera joan ahala, toki eta jende askorekin lan egiteko aukera izan dut, eta uste dut tokatu egiten zaidala zorrotz fama dudala aitortzea… Hortaz, balio bikoitza dauka niretzat UEUko idazkaritzan ikusi dudan funtzionatzeko era. Hasieratik harritu egin ninduten garatuta duten metodologia eta sistematizazio-mailak, eta jendea – gu, beste toki batzuetan hornitzaile soilak izan gintezkeenok- artatzeko duten esku onagatik.

Niretzat, beraz, UEUrekin izan dudan harremana ikasketa esperientzia aberasgarria izan da, bai ikasle bai irakasle moduan. Dudan kexa bakarra da eurekin lan egitea egokitu zaidanetik ezin dudala nire intereseko diren gainerako ikastaro erakargarri guzti horietan parte hartu; beraz, Olentzerori egingo diodan gutun profesionalean, datorren urterako udako ikastaroak luzatu eta bertan lana izateaz gain, ikasketa-oporraldi eder batez gozatzeko aukera ere ekar diezadala eskatuko diot!

Biki Belategi (“Egoera kritikoak gainditzeko teknikak” Udako Ikastroaren arduraduna. 2012) / Argazkia: egizu

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude