Ausardiaz

UEUn izandako nire biziPENAK baino, biziPOZAK kontatzera natorkizue, horixe baita UEUk hasi-hasieratik eman didana. Labur-labur kontatzen saiatuko naiz …

Memoriak hutsik egiten ez badit, 1990ko Uztailean estreinatu nintzen UEUn, Larraonan lehen hitzaldia ematen (eskerrak INGUMA dugun eta baieztatu ahal izan dudan halaxe izan zela). Garai hartan, nik dakidala, beste batzuekin batera, Kepa Altonagari egokitu zitzaion Natur Zientzietako Udako Ikastaroa osatzeko hizlarien “arrantzan” ibiltzea eta EHUko pasiloetan kainabera prest zuelarik, ni “harrapatu” ninduen. Bere ahots “iradokitzailea” eta hitz egokiak modu finean erabiliz, UEUrako hitzaldi bat prestatzea proposatu zidan. Eta nik “zertaz?” galdetu nion, aldi berean nire baitan ixilean hauxe pentsatu nuelarik: “gizon hau hain desesperatuta egongo al da niri hitzaldi bat ematera animatzeko?”. Imagina nazakezue garai hartan, Biologiako azken urtea amaitzen, “kintitis”-an murgilduta, “unibertsitatea eta gero, zer?” galderari ezin erantzunik topa, urduritasunez noraezean, buruhausteak …

Baina, nolabait, nonbaitetik sortutako ausardiaz baiezkoa eman nion, eta gainera gaia ere momentuan erabaki nuen: “landare-kariologia”. Ni ordurako Aranzadiko Zientzi Elkartean Botanikoekin lanean nenbilen eta hasiberria nintzen landareen kromosomak aztertzen. Halere, gaiaz ia deusik jakin gabe, erroka berria ezarri nion neure buruari: “eta zergatik ez?” pentsatu nuen. UEUk ausardiaz jokatzera bultzatu nindun lehen momentutik. Iritsi zen uda, prest nuen hitzaldia, urduritasunak urduritasun gustura aritu nintzen, eta amaieran sari aparta, entzuleen txaloak, … izugarria! “egin dut, gai izan naiz” esaldiak eztanda egin zidan buruan. Eta pozgarriena hauxe da, esperientzi labur hura hasiera besterik ez zela izan, gerora hitzaldi gehiago, irteerak, monografikoak, eztabaida-guneak, artikuluak, … etorri baiziren. UEUren amua barruraino irentsi nuen!

Ez naiz inoiz damutu Kepari baiezkoa emateaz, UEUn beti izan naiz ausarta, UEUk nigan jarritako konfidantzak eman dit ausardiaz jokatzeko indarra, eta gaur egun nigan dudan konfidantza, neurri batetan, UEUn ereindakoa da.

 Arantza Aldezabal (UEUko Natura Zientziak Saila) / Argazkia: Aza Raskin

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude