UEU: Euskalduna izateko bermea

Urteak pasa dira lehen aldiz Larraonara hurbildu nintzenetik, hogeita bost pasata. Garai hartan euskaraz aritzeko erronkari eutsi nahian nenbilen. Euskara ikasi bai, baina hitz egiteko ausardia falta. Egia esanda, ez naiz gogoratzen nork aipatu zidan UEU, baina hara joan nintzen, ia-ia inor ezagutu gabe. Fernando Mijangos ezagutzen nuen Fakultatetik eta beharbada berak aipatuko zidan UEU, edo Joserra Etxebarriak,… baina kontaezinak dira UEUren bidez egin ditudan lagunak.

UEUn Matematika sailean apuntatu nintzen ikasle moduan, baina bestelako ikastaroetan ere joaten nintzen, gizarte-mugimenduei buruzko hitzaldi sortara kasu. Horien artean, feminismoari buruzko mahai-ingurua zegoen eta entzuteko asmoa nuen. Baina bezperan esan zidaten parte hartu behar zuenak ezin zuela joan eta ea nik parte hartuko nukeen mahai-inguru horretan, eta entzule izatetik hizlaria izatera pasatu nintzen, ea konturatu gabe. Hori izan zen nire lehen hitzaldia euskaraz, eta hortik aurrera hainbat eta hainbat eman ditut gai ezberdinei buruz.

Beharbada nire lehen hitzaldi horrek bultzatu zituen batzuk ni soziologotzat hartzera. Beti gogoratuko dut Joseba Alvarezen harridura-aurpegia, bera UEUko prentsa-bulegoko kidea zelarik, gelara sartu eta ni arbelean formulak idazten ikusi ninduenean. Matematika Saileko gela zela bazekien, baina zu matematikaria al zara? galdetu zidan guztiz harrituta.

Guztiok txintxo-txintxo joaten ginen klasera, baina gaueko parrandak ahaztezinak dira: Garesko jaiak, Irurtzungoak, San Juan auzoko pubak,… Eta goizaldean Larraonara ailegatu, batzuetan dutxa hartu eta klasera. Behin ere Larraonako kanpoko belarretan geratu ginen lo, apaizak haserre eta Martin Orberen bronka jaso behar. Gainera, ni “sailburua” nintzen,…

Eta zer esan “salmonella”-ren urteari buruz! Guztiok poz-pozik lehen gauean afaltzen, betiko lagunak agurtzen,… eta hurrengo egunean, arratsaldeko 6rak aldera, bata bestearen atzetik botaka, ohetik altxatu ezinik,… Gutxi geratu ginen salmonellak jota erori gabe, baina lehen egunetan ez zen ikastarorik izan Larraonan. Gehienak ohean eta besteok zaintzaile. Esan behar dut nik jan egin nuela legatza hori, baina horren ostean, aurreko tabernan patxarana hartu, gauean beherako pixka bat eta gero ondo. Ez da zientifikoa izan, baina egun horietan zabaldutako susmoaren arabera, garagardoak salmonella berpizten zuen bitartean, patxaranak “hil” egiten zuen. Nire kasuan, behintzat horrela izan zen.

Urte luze hauetan UEUko ikastaroek askorako eman didate, matematika euskaraz azaltzeaz gain, sexualitateaz edo politikaz eztabaidatzeko ere, baina ikasgelatik kanpoko ekintzek ere balio izan didate tangoa edo saltsa dantzatzen ikasteko, euskal dantzak lantzeko,… eta mila gauzak egiteko.

Azken urteotan huts egin dut, Matematika Sailak ez du funtzionatu eta gauza bat dela bestea dela, beti zerbait egin behar nuen uztailaren bigarren hamabostaldian. Baina UEUkiko dudan lotura ez da apurtu. Zorretan nago UEUrekin. Bertan emandako urte horietatik ondorio oso argia atera dut: UEUra urte hartan (eta beste hainbeste horren ostean) joan ez banintz, ez nintzateke euskalduna izango, ez nintzateke gai izango lanean, lagunen artean, etxean,… euskaraz bizitzeko. Euskara ez zen nire hizkuntza izango.

Mila esker UEUri eta UEU bultzatu duzuen guztioi.

Arantza Urkaregi (UEUko Matematika Saila) /Argazkia: Silenceofnigth

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude