Barnean miatuz eta barrunbeak aztertuz

Nire oroimenean miaketa egiten hasiz gero gustura bizitako momentu ugari aurkitzen ditut. Horiek dira nire barnean geratu direnak. Oroitzapenak nahasita dauzkadan arren, badakit lehenengo aldiz informatika fakultateko ikasle nintzela joan nintzela Larraonara, estudiante garaian beraz. Laurogeiko hamarkada. Garai ederrak, gazte garaiak…

Informatika gaiez gain beste hainbat gaitako hitzaldi eta saioetara joateko ausardia ere baneukan garai hartan eta gogoratzen dut nola sartu nintzen biologia saileko saio batera, bareen barrunbeak aztertzeko saio batera. Hasieran azalpen teorikoa izan genuen: barraskiloa eta barea enbor bereko bi ezpala zirela azaldu ziguten, eta barrenean zeuzkaten organoak nolakoak ziren ere azaldu ziguten. Ondoren bisturi bana hartu eta teorian azaldutakoak praktikan nolakoak ziren ikusteko saioa egin genuen. Biologo hauek erotuta daude! barea bisturiaren laguntzaz ireki eta bere organoak aztertzeari ekin genion. Nire bareak hezur bitxi bat zeukan barne alde horretan eta irakasleari galdetu nion ea zer demontre izan ote zitekeen hura: Barraskiloaren oskolari zegokion organoa izan zitekeela esan zidan, alegia oskol degeneratua edo horrelako zerbait, barea eta barraskiloaren arteko ahaidetasunaren froga garbia. Alajaina! Ez dut sekula ahaztuko barearen barrunbeen azterketa saioa, ez horixe!

Nire memoriaren miaketarekin jarraituz, lehenengo urteko oroitzapen eder gehiago ere badaudela deskubritu dut. Iluntzero, afalondoren jangelan kantuan jarduten genuen, eta txistu eta trikitien laguntzaz Larraonako pasilloetan kalejiran nola ibiltzen ginen ere oroitzen dudala iruditzen zait… Eta ondoren? Ai ama! Garesko festak! Hobe Garesen bizitakoaz ezer ez esatea, dena iluna baitago nire oroimenean. Hori bai, Garestik bueltan Larraona barnera sartzeko moduren bat asmatu behar izaten genuen: bisturi bidez Larraona ireki eta sartu barnera! Halako bisturi handirik eduki ez arren beti asmatzen genuen moduren bat barnera sartzeko, ez zen imajinazio faltarik Larraonan.

Hurrengo egunean berriz ere miaketa lana egin behar izaten genuen, hitzaldia edota ikastaroa aukeratu behar… Filosofiaren ingurukoa ala matematikaren bitxikeriaren bat, zer aukeratu? Ez dakit lehenengo urtean ala noiz izan zen, baina halako batean nire hitzaldia aukeren artean azaldu zen: Kepak eta Iñakik animatu ninduten Informatika fakultatean egindako lan bati buruz hitz egitera: euskarazko esaldien analizatzaile morfologikoaz… Eta agian matematikariren bat etorriko zen nire hitzaldira, eta bera ere, ni biologoez aritu naizen moduan, informatikari hauek erotuta daude esaka ariko da. Baina esperientzia ederra izan zen hura ere. Aplikazioaren barrenak erakusteko saioa egin nuen nik baina auskalo zer ikusi zuten entzuleek barrunbe haietan!

Larraonako barrunbeez galdetzekotan, ordea, kazetaritza sailekoengana jo behar da. Haiek egunero jardunaldi guztien laburpena egiteaz gain, eta egunkari, irrati eta aldizkarietakoei informazioa hel arazteaz gain, paperezko panel handietan informazioa gure eskura jartzen zuten, eta, jakina, laburpenak egin ahal izateko kazetariek gai guztietako saioetara joan behar izaten zuten, edota hizlariei elkarrizketa egin, edo dena delakoa. Haiek bai denetik zurrupatu behar izaten zutela! UEUren barrunbe guztiak ezagutzen zituzten eta agian nire miaketa honen jarraipena haietako norbaitek egin beharko luke. Haiek ere zer kontatua izango dute, bai horixe!

Joseba Makazaga (UEUko Informatika Saila) / Argazkia: philip.bitnar

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude