Gozatzen ikasten eta ikasiz gozatzen

Eredu psikodinamiko klasikoan du jatorria hitzezko asoziazio askea deritzon teknikak. Egun norbaitek “UEUko ikastaroak” aipatuko balit, eta ezertan pentsatu gabe eta azkar erantzuna eman beharko banu, honakoa liteke seguru asko nire bat-bateko erantzuna: “gozamena”. Nire barrenak biluztean, gozamena berbaren atzean motibo ugari daudela esango nuke. Hauetako batzuk azaltzera natorkizue hemen, aitortu daitezkeen horiek behinik behin.

Gozatzen ikasten (edo ‘men sana in corpore sano’)

Nire lehen ikastaroak UEUn sexualitatearen ingurukoak izan ziren, halabeharrez Eros jainkoaren gozamenari hertsiki lotuak (ikuspegi teoriko hutsetik izan baziren ere…) Sexualitatearen funtzioetako batzuk erotismoaren adierazpen ludikoak, komunikatiboak eta hedonistak izanik, hauen inguruko hausnarketek aukera eman zidaten buru pentsakorretik haratago bidea egitea gorputzarekin topo egin ahal izateko, eta honi entzun mintzo zaidanean. Hasieran ikasle, gerora irakasle eta azkenik ikastaroen antolatzaile aritutakoa naiz, baina egun zein egoeratan ikasi dudan gehien esatea zaila egingo litzaidake.

Eta hoberena da gozatze hura gelatik kanpo ere gertatzen zela. Inon zentzurik izan badu ‘men sana in corpore sano’ esaldiak, zalantzarik gabe UEUko ikastaroetan izan da. Larraonako kafetegian edo Iruñako alde zaharrean gauez izaten ziren dantzaldien bidez, gure gorputzei izerditan jartzeko aukera ematen genien. Egunez gure mundua ezker hemisferioaren arabera eraikitzen ari ginela zirudien arren, eskuineko hemisferioari gure bizitzan merezi zuen tokia egiten genion gauez. Erritmoari ihes egiten zioten nire mugimendu baldarrek lotsaren gaineko gozamen itzela ekartzen zidaten. Eta musika eta dantzako une horiek betiko gorde nituen gure oroitzapen partekatuen kutxan.

Ikasiz gozatzen (edo ‘felix qui potuit rerum cognoscere causas’)

Ezagutzara hurbiltzeak badu bere xarma, gozamena edo poztasun berezia dakarkigula. Are pozgarriagoa izaten da giro askean egiten denean, espartinetan eta azterketaren presiorik gabeko ikaskuntza bada. Eta hori hain zen eskertzekoa… Eskola zaharrekoak garenok zer kontatu zuenari entzutea atsegin genuen ikasle garaian, modernoagoak diren kreditu aske horien trukearen morrontzarik bizi izan ez genuela.

Iruñako UEUko ikastaroetan, ezagutza gosearen adierazle garbia geletatik kafetegirako bidean topatzen genuen, ikaslek zein irakaslek lau horma tartean hasitako eztabaidari jarraipena ematen ziotela bazkaltzeko ordua iritsi bitartean. Kafetegian, eskaileretan edo sarrerako eserlekuetan jesarriak, edonon topatzen ziren aukera paregabeak gure ikastarokoekin ez ezik, beste saioren batean egondakoengandik ikasteko. Ikastaroak eta bertako partaideak isolaturik ez egoteak preseski ezagutzaren irudikapen errealagoa erakusten digu. Norbera gai batean espezializatu daiteke, baina beste diziplinetatik ikasteak ezagutzen dugun guztiaren integrazioa egitea baimentzen digu.

Norbaitek esan lezake gozamenaren beste adiera argiago batzuk badirela, baina hainbat termino ordezkatzen duten irudiekin lotzeko hiztegi grafikoa egingo balitz, nik neuk gozamena hitzaren parean Larraonako sarreran UEUko ikastaroetako partaideekin urtero egiten zen argazkia jarriko nuke.

Itzi Alonso-Arbiol (Psikologia eta Sexologia saileko kidea) / Argazkia: ar-mahi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude