Beharrezkoa

Aste askotako lanaren ondoren -egitaraua moldatzen eta aztertzen, partaideekin harremanetan jartzen-, eta uztaileko opor egunak erabiliz, martxan jarri genuen azkenik ikastaro hura.

Abiapuntu hartan gure asmoen artean zegoen helburu nagusi gisa euskararen inguruan hausnarketa kritikorako txokoa sortzea. Topikoetatik haratago. Argudioak, datuak eta ikuspegiak gurutzatuz. Ikastaroa hasi aurretik bagenekiena gainditzeko ahaleginarekin. Eta horretarako euskalgintzan eta euskaraz sortutako ezagutzarako UEUren balioa aitortu eta debatearen erdigunean jarriz.

Asmatutakoa lortu genuen ala ez baieztatzea ez da erraza: alde batzuetatik bai, eta agian beste hainbatetatik ez. Baina, zalantzarik gabe, eztabaida grinatsuak sortu ziren, datu mardulak aurkeztu eta aztertu eta polemikarako tartea ere egon zen. Gure asmoa ez zen topikokerietan eroso dabilen publikoengana jotzea, baizik eta hausnarketa kritikorako datuak eta ikuspegiak zehaztea.

UEUk eskeini zigun halako jardunaldi bizia antolatzeko aukera, zinez eskertzen dudana. Are gehiago euskararen gaien inguruko sentsibilidadea kontutan izanik, eta “merkatua” eta “euskara” kontzeptuak –kontrajarriak?- uztartuz, gainera.

Emaitza on ugari lortu nituen nik esperientzia horretatik: ezagututako profesionalak, noski, baina baita ere entzule moduan izandako «ikasleekin» sortutako harremana -hainbat euskararen defentsan urte askotako jardunean ibilitakoak-. Harreman kritikoa izan zen, benetan eskertzen diedana.

Ez genuen ikastaro hura elkarrekin ados jartzeko antolatu; hausnartzeko baizik. Beste ikuspegi batzuetatik euskararen egoera ikuskatzeko.

UEUn bakarrik lekua izan dezakeen ikastaro bat antolatu genuen.

Ezagutza, euskaraz: beharrezkoa.

Jon Goikoetxea Goiri (UEUko Soziologia Saila) / Argazkia: irargerich

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude