Takonerako oreinak

Ez dut gogoratzen nola izan nuen UEUren berri, badakit ordea nire unibertsitateko lehen urtearen bukaeran Iruñera abiatu nintzela. Altsasutik egunero joan-etorria egiteko aukera bazegoen ere, gaugiroa UEUren gauzarik politenetakoa zela esan zidatenez, Larraonan  erreserba eginda joan nintzen. Kezkatu xamar ere, lagun gertukoenak ez ziren animatu (Udan ere unibertsitatera?!). Gelan zebilen mutil bat eta bere lagun batzuk bazihoazen eta ustez irakasle batzuk ere. Han topatuko nuenari buruzko zalantzak azkar desagertuko zitzaizkidan. Jende guztia laguntzeko eta laguna izateko prest zegoen. Segituan kokatu ninduten lekuan eta begiak zabal zabalik ingurura begira bakarrik egoteko denbora askorik ez zen egoten.

Pasadizo txiki mordo bat dago kontatzeko, hala ere, gaur egun uste dut badaukadala esatea han gertatutako bi gauzek neurri handi batean markatu dutela nire bizitza. Horietako bat eskola bat izan zen. Eskola horretan Informatika Fakultatean jasotzen genuen ikastaro baten laburpena zen, baina publiko zabalago bati zuzendua zegoenez, laburragoa eta atseginagoa izan zedin prestatuta zegoen! Ez dut esango horrek eraman ninduenik orain egiten ari naizen lanera, baina, seguruenik ziztada bat izan zen oraintxe egiten dudan esfortzu handienetako bat baita, nire ikasgaiak erakargarriagoak eta ebaluazio prozesua egokiagoa izan dadin saiatzea. Hor kokatzen da hain zuzen ere nire tesia.

Bestalde, oso gutxi ezagutzen nuen gelako mutil horrekin ere sarriago hitz egiten hasi nintzen. Ez ninduen sinistu esan nionean Iruña erdian oreinak ikustea bazegoela eta Takonera parkera eraman behar izan nuen nire sinesgarritasunaren onerako. Hantxe hasi zen istorio bat. Pako Aristik dioen bezala gauaren erdian gelaz aldatzera eraman gintuen harremana. Hamazazpi urte beranduago aurrera darrai, UEU bera bezala, eta hiru fruitu polit izan dira ondorioa.

Edurne Larraza (UEUko Informatika Saila) / Argazkia: Edurne Larraza

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude