Iruñea, sargoria eta sanfermina

Nire hasierako bizipenak oso barnean gordeak ditut eta orain arte inori ez dizkiot komentatu. Izan ere ikasle, pare bat ikastaroetara joana banintz ere, gogoan dudana irakasle lanetan bizitutakoa da. Hori dut gordea. Zerekin lotzen dut ba? Unibertsitateko irakasletzat izan nuen lehenetariko jarduera izan baitzen UEUn izan nuen hura, eta irakasle batek eszenatokian pasatzen dituen estutasunekin lotzen dut.

Ez dut gogoan orduko UEUko zuzendaria nor zen, zuzendaririk baldin bazegoenik ere duda dut. Baina Lore Erriondok deitu zidan hitzaldi bat emateko, izan ere pentsatuta zuten irakasleak huts egin baitzien eta gaia nik nire tesira defendatzeko prestatua nuenez…

Nire burua urduri ikusten nuen, oso urduri, gaia lantzen eta sakontzen hasita nengoen eta aunitz nekien arren ez nuen nire burua prest ikusten hitzaldi bat emateko. Erreparoa ematen zidan, lotsa handia.

Bestalde Lore Erriondo ezagutzen nuen. Ikaskideak izan ginen Pedagogia ikasketetan Zorroagan eta preziatzen nuen. Ezin nion ezetz esan eta aurrera jotzea erabaki nuen.

Iruñean izanen zen, nire herrian. Sanferminak eta sargoria, hori dut gogoan UEU horretan. Etxean izateak lasaitasun puntu bat eman zidan, lagunen artean izanen nintzela pentsatu nuen. Eta horrela izan zen. Hitzaldia bota eta, UEUn ohikoa izan den bezala, jendeak parte hartu, galdetu, kritikatu, eztabaidatu eta hasieran pentsatzen nuena baina askoz errazago pasarazi egin zidaten une hura.

Gero nire esperientzi hori eraikitzen joan zen eta lehen bizipen hura, erabat indibiduala izatetik kolektiboago izatera pasa zen. Hau da irakasle euskaldun baten zilborretik bizitzen hasi nintzena herri baten esperientzitzat bizitzera iritsi naiz urte hauetan. Tesiak euskaraz, horien bildumak, datu baseetan eskuratu ahal izatea eta euskarazko produkzioa gero eta hobea, gero eta zabalago eta gero eta eskurago izatea lortu du UEUk. Ohore da proiektu kolektibo horren partaide izatea. Esker mile, UEU.

Irene López-Goñi (UEUko Pedagogia Saila) / Argazkia: Irene López-Goñi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude