Ez da ezer aspaldi gertatzen

 

Ez da ezer aspaldi gertatzen gure bizitzetan.
Hamarnaka urte egin behar baita atzera gehienez ere
oroitzapenak goroldioetatik erreskatatzera.

Ezer ez da aspaldi gertatzen gure bizitzetan
eta oroitzapenak
ez dira kontserba pote berdinetan gordetzen
gure memoriaren ganbaran.

Badira oroitzapen batzuen kontserba potea ireki
eta
artean usaina gordetzen dutenak.

Badira musika ere kontserbatzen dutenak,
soinu leun bat entzun daitekeelako belarria potera gerturatuz gero.

Badira beste oroitzapen batzuk ere
gordetzen dutenak soinua, musika eta irudi zenbait.
Baina hobe ireki gabe mantenduz gero,
ustelduta baitaude batzuk intxaur kraskatuen melodiak erasanda.

Badira, ordea,
inoiz usteltzen ez diren oroimenak,
poteen artean bilaka ibili gabe
norberagana gerturatzen direnak,
aurkitzen dituzunak,
aurkitzen zaituztenak…

…UEUkoak bezala.

Ez naiz UEUko ikastaroetara joan nintzenekoak gogora ekartzen ibili,
eurak etorri zaizkit.
Eta ez orain bakarrik.
Noiznahi datozkit.

Bi urtez segidan izan nintzen UEUn.
Bi udaz.
Batean uztaila osoa pasa nuen ikastaroz ikastaro.
Biarritzen hasita Erdi Aroko Nafarroako historian murgilduz
eta
Nor naiz ni galderari erantzunez.

Eta Iruñean segi nuen uztaila,
hizkuntzalaritzaren inguruko teoriak praktikaratzen,
pratikaratzen.

Handia izan zen.
Handia izan zen ikasi nuena,
handia izan zen egin nituen lagunen tamaina,
handiagoa maitemindu nintzenekoa Kadreitako alabaz.

Geroztik naiz UEUko kide
hasierako ditxosozko “u” hori kentzeko ahaleginetan.

Geroztik ez diot utzi ikasteari
eta geroztik,
ez naiz batere zintzoa izan orduan itsu-itsu maitemindu ninduenarekiko.

Ez dut orduko argazkirik gordetzen.
Ez eta beharrik ere.
Ez dut UEUko kontserba potea zabaldu ordutik.
Ez eta beharrik ere.

Nirekin daramadalako,
ni naizelako orduko hura orain,
akaso potetik atera ezinik dabilen bakarra
ni naizela konturatu gabe.

Imanol Epelde (UEUko Literatura Saila) / Argazkia: comedy_nose

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude