UEU indartsua behar euskal unibertsitateak

Unibertsitate batek, nire ustez, hiru alorretan burutzen du nagusiki bere zeregina: jakintza, artea eta komunikazioa.

Jakintza trukatu (irakaskintza eta ikaskintza) eta sortu (ikerkuntza) egiten da; artea sortu eta jardunbideen bidez plazaratu ; eta komunikazioari dagokionez, unibertsitateko espazioan ikasle, irakasle eta langileen arteko harremanak eraiki egiten dira, komunitate zentzua hartuz.

UEUk, 40 urte hauetan, hiru alor horiek oso ongi burutu ditu. Areago, izan dituen ekonomia eta azpiegitura arazoak kontuan izanik, bikain egin du bere unibertsitate lana. Unibertsitate txiki bat da, baina kalitate onekoa, homologarria nazioarte mailan. Bere kideen gogo, ekimen, eskuzabaltasun eta jakinduriari esker izan da hori. Erakundeen laguntza ere garrantzitsua izan da. Azken batean, Euskal Herriaren euskal (euskarazko) unibertsitatearen aktore garrantzitsua delako.

UEUrekin izan ditudan harremanen oroitzapenek (bizitza luzea da laburraren aldetik begiratuta ere) aipatutako hiru alor horietan hartzen dute toki. Gogoan daukat poema errezitaldia, bertsoaren ezpata eta eskuaren fereka flexo-lanpara baten argipean uztartu nituenean, irrati-kasete batean Albinoni entzuten genuen bitartean, terziopelozko mahai-zapi gorri bat lekuko zela. Iruñean izan zen, 1980 aldera, aretoa UEUkidez beteta; Martin Orbe, buru, gaztea zen orduan.

Urte franko geroago, 1990 hamarraldian, kazetaritzako mintegietan eman nituen hitzaldiak. Ikasleen jakintza-grina dir-dir ibiltzen zen biribilean jarritako aulkien artean. Zer nolako poza irakasleareantzat!

Ikasle eta irakasleen arteko komunikazioa xarmangarria zen, “kaixo, aspaldiko”, askotan aspaldikoak baitziren UEUkideak, eta urtean zehar elkar gutxitan ikusiak maiz; edo “kaixo, goazen kafe bat hartzera”, aitzakia norbaitekin luzeago eta bakarkiago egoteko Iruñeko beroan.

Mende berrian sartuta, 2000ko urte arrunt hauetan (nahiz eta milurtekoaren aldaketaren kontuarekin multimediatikoki mozorrotu nahi dituzten) UEUren argitalpen-zerbitzua izan dut harreman-toki eta jakintzabide. Egia esan behar da, UEUren argitaratzen dituen liburuak eta aldizkariak oso onak dira, goi mailakoak bai edukiaren eta bai euskararen aldetik. Honegatik bakarrik etorkizun oparoa eta erakunde publikoen laguntza merezi du Udako Euskal Unibertsitateak. Ni UEUren alde, alegia, euskal unibertsitatearen alde, merezi duelako.

Iñaki Zabaleta Urkiola (UEUko Kazetaritza Saila) / Argazkia: UEUren liburuak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude