UEU, segi euskaldunoi leihoak zabaltzen

Euskal Herriko Unibertsitatean Filologia ikasten hasi nintzenean jakin nuen UEUren berri, 1998 inguruan, 19 urterekin. Ikastaroz jositako kartel edo diptikoren baten bitartez ezagutuko nuen seguruena, ez dut gogoan. Ziur dakit erakargarri egin zitzaidala, ze Miarritze eta Iruñeako ikastaroetara joan nintzen, bietara, bakoitzean astebete, ondo asebetetzeko.

Bereziki Miarritzeko ikastaldiak ikutu zidan barrua. Dena zen berezia neretzat, jendea, gaiak, giroa, ingurua…  Lizeoa oasi moduko bat zen: dena euskaraz, dena patxadaz, dena txukun, dena elkarrekin, dena maitasunez, dena jakinminez…  Halakoxe idilikoa izan zen neretzat UEUko lehen ikastaldi hura. Jakintzara hurbiltzeko beste modu bat deskubritu nuen, ikasle – irakasle arteko beste harreman bat, ikasteko beste motibazio batzuk…

Ordutik aurrera beste hainbat ikasturtetan parte hartu nuen udako ikastaroetan, bazkide ere egin nintzen eta bere jarduna hobeto ezagutzeko aukera izan dut urtotan. Markeskoako ikastaro, Durangoko azokako txanda eta mahaingururen bateko parte hartze suizidaren baten bitartez parte hartu dut UEUn. Nahi eta behar baino gutxiago hala ere.

Asko miresten dut UEU erakunde moduan, asko miresten ditut langileak eta kide ditudan bazkideak. Euskaldunoi ikasteko, harremantzeko, sentitzeko, gizarteari begiratzeko, jakintza lantzeko, hainbeste gai ezagutzeko leihoak zabaltzen dizkigutelako eta etorkizuneko Euskal Unibertsitatearen hazia gordetzen duelako bere baitan.

Etorkizunean berdin maiteko eta gehixeago gozatuko zaitudan asmoarekin…

Egoitz Unamuno (UEUko Bertsolaritza Saila) / Miarritzeko Ostalaritza Lizeoa 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude