Gazte ginen gazte… ta ez gaude konforme!

Blog hau zabaldu dute UEUko lagunek UEU ezagutu genueneko uneaz idazteko. Baina ni oso kartesiarra naiz, eta UEU ezagutu aurreko nire historia guztia kontatu behar dizuet, UEU ezagutzeak niregan sortu zuen zirrara modu egokian kokatu eta balioztatu ahal izateko.

Hala bada, egin dezagun bidaia iraganera, aspaldi aspaldi…

Ni erdaldun jaio nintzen, guraso erdaldunengandik, Euskal Herriko herri erdaldun batean…

Moja erdaldunen ikastetxe batean egin nituen nire lehenengo ikasketak (Franco bizirik zen artean…), 6 urtekin hasi, eta 14 urte bete arte. Pentsa zenbateraino ziren erdaldunak: abesti hau irakatsi ziguten gaztelera perfektuan: “En lo alto de un manzano de un huerto galano, hay un jilguero lindo y parlero que canta así…” Ez duzue asmatu ze abesti den? Urte batzuk behar izan nituen nik, musikaren bitartez jakiteko euskal abestia zela. Jarriozue musika: “Aldapeko sagarraren adarraren puntan…”

Euskara eta euskal mundua existitzen zirela jakiteko lehenengo aukera nire herriko institutuan izan nuen, inguruetako herri euskaldunetako ikaskideei esker…

Eta euskara ikasteari ekin nion, 16 urte bete berritan, gogo handiz, eta sutsu… gau eskolak ”asmatu” baino lehen!

Praileen ikastetxe batean hartzen genituen eskolak arratsaldero; talde txikia ginen; eskolak doanekoak ziren, ezta sos bat ere ez genuen ordaindu behar; irakasleak ez zuen ezer kobratzen eskolengatik, muxu truk egiten zuen, eta ze irakasle ona! Eskerrik asko, Mañuel!

Eta gero, Franco hil zen… eta unibertsitatera joan nintzen ikastera (unibertsitate pribatu batean egin nuen karrera… hau kontraesana! eskola publikoaren defendatzailea izanik, ikasketa asko pribatuetan egin ditut: mojetan, praideetan, obran…), eta denbora gutxi neukan euskara ikasten jarraitzeko, baina saiatzen nintzen, ahal nuena ikasten nuen nire kabuz… Eta karrera amaituta, erabaki nuen bazela garaia euskaldun bihurtzeko, eta “ikastenarinaiz” horietako bat izateari uzteko…

Gero tesia egiten hasi nintzen, eta pentsatu nuen euskaraz ere aurkeztea… baina erabat lotsatuta esan behar dut gaztelera hutsez aurkeztu nuela, une hartan kokoteraino bainengoen eta ahal bezain pronto defendatzea baino ez nuen nahi, eta euskaraz aurkeztu nahi izanez gero, pixka bat gehiago luzatuko zen, eta ezin nuen gehiago jasan.

Tesia bukatu nuenean, baneramatzan pare bat urte UPV/EHUko Informatika Fakultatean irakasle, euskaraz irakasten (ze beldurra hasiera haietan, pentsatze hutsarekin ikasleak segituan konturatuko zirela euskaldun berria nintzela, eta ez nuela menperatzen euskara, eta… Lehenengo eskolak buruz ikasi nituen! Eskerrak UEUk eta Elhuyarrek argitaratutako testu-liburuak genituela!).

Uste dut ez dela esan behar Informatika Fakultatean bazeudela (badaudela) UEUzale amorratuak! Kepasa… Alegria… eta +++

Haiei esker ezagutu nuen UEU. Beraiek animatu ninduten nire tesiaren laburpen bat UEUn aurkeztera, Larraonan, Iruñean, 1988 edo 1989ko uztailean. Baina nire tesiaren gaia ez zen oso egokia UEUko informatika sailean aurkezteko, eta Fisika sailean aurkezteko animatu ninduten. Eta nor ezagutu nuen han? Niretzat jadanik izarra zena, unibertsitatean euskaraz irakats zitekeela frogatu zuen gizona, fisika kuantikoa edo behar zena (Suarezek kontrakoa esan arren), unibertsitatean euskaraz irakasten genuen irakasle guztion eredu izan behar zuena… Zer harrera goxoa egin zidan Fisika sailean! Nola mantendu zuen arreta nire “txapa” botatzen nuen bitartean! Benetan maitagarria zara, Joxerra!

Eta zer giro ederra Larraonan! Eskoletan, egongeletan, jantokian, gogoratzen dut Frantziako ”Turra” ikusten genuela telebistan arratsaldeko eskoletara joan aurretik… Eta korridoreetan “euskal izar” asko ezagutzeko parada izan nuen…

Gazte ginen gazte…

Eta urteak pasa dira, eta ez naiz joan UEUko ikastaroetara nahi bezainbeste, giro horretaz gozatzeko. Beti aitzakiak…

Baina testu-libururen bat argitaratu dugu UEUren eskutik urte hauetan, eta oso gustura geratu gara egindako lanarekin. Eskerrik asko, Nekane!

Eta azken urteetan aitzakiak albo batera utzi, eta ahal izan dudan guztietara joan naiz. Azken hauek Markeskoan jada. Hemen ere giro ederra, ikastaro “super” interesgarriak, balio erantsia dutenak, %21 baino handiagoa, ez baitago dirurik ikasitako gauzen baliagarritasuna neurtuko duenik… Eta bertako langileak ere maitagarriak, eraginkorrak, dena ondo atera dadila… Eskerrik asko, MariKarmen, Irati, Idoia, Emilio…

Eta ikaskide berriak ezagutzeko parada izan dut. Nire adinarekin, gehienak ni baino gazteagoak, eta horrek ere balio erantsia dauka…

Ta ez gaude konforme…

Krisiaren aitzakiarekin, nondik murriztu? eta denok dakigu nondik…

Eta noiz?, justu UEUk 40 urte betetzen dituenean, edo 0x28 urte, edo 0b101000 urte, edo 50 (zortzitarrez), edo…

Eutsi goiari, UEUkide horiek!

Txelo Ruiz (UEUko Informatika Saila) / Argazkia: Aurtengo Robotikari buruzko Udako Ikastaroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude