UEU, ikerlanerako akuilua

Euskararen egoera oro har eta zehazki euskararen irakaskuntzaren egoera hobetzeko egitasmoa neure egin nuen aspaldi batean Itziar Idiazabalek zuzentzen duen HIJE ikertaldearen barruan, eta egun horretan dihardut.

UEU-ri dagokionez, beste hainbatek modura, ni ere asko jasotakoa naiz. Lerro hauetan, euskaldun bezala eta ikerlari bezala erakunde honek eman zidan aukera paregabea aipatu gura dut: hizkuntzen didaktikaren ikerketaren arlorako nire grina egitasmo bihurtu zuen UEU-k, eta hartan jarraitzeko akuilu izan zen nire ikerketa ibilbidean.
2004. urtetik aurrera irakasleentzat zenbait formazio ikastaro ematen hasi nintzen UEU-ren bitartez, hizkuntzen didaktikaren arloan. Eremuan nire lehen saioak ziren, eta asko neukan ikasteko. Baina baita emateko ere. Hasierako saio horien ondotik, Seaskarekin formazio ikastaroak egiteko bidea eman zidan UEU-k, hegoalde eta iparraldearen artean muga administratiboak gaindituz (meritua!). Bereziki Donibane-Lohitzuneko Ikastolarekin egin nuen lana izan zen niretzat mugarri. Miren Intxausti zuzendari zela, lan asko egin genuen elkarrekin ikastolan ahozko hizkuntzaren irakaskuntza modu sistematikoan eta integratuan irakaste aldera. Egitasmoa eten behar izan zen, baina bi urtetan zehar Donibane Lohitzuneko ikastolara egindako joan etorriek, nire hasierako grina horri zentzu osoa eman zioten. Emankorra izan zen oso, bereziki niretzat. Izugarri ikasi nuen irakasle talde harekin…eta egun irakasleen formazioan oso gutxi jarduten dudan arren, badakit zenbateraino etekina izan dezakeen elkarlanak!

Eskerrikasko UEU, eta eskerrikasko bide batez Miren eta Donibane-Lohitzune ikastolako irakasle guztiei!

Leire Diaz de Gereñu (UEUko Glotodidaktika eta Hizkuntzalaritza Saila)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude