Bizipenak astinduz

Nork bere bizipenak. Eta bizipenon lehentasunak ere. Hortaz, atzera begirako gogoeta egiten hastean, orduantxe hasten zara “zure baitan pizten diren bazter miresgarri” horiez ohartzen, nonbait buru aldeko bazterren batean dauzkazun bizipenak erdi aldera ekartzen. Halaxe gertatu zait UEUren gaineko gogoeta egiten hasi naizenean. Atzera begirakoa esan dut, baina ez UEUren inguruko bizipenek gaurkotasunik ez dutelako nire bizitzaren historian, edota istorioetan ere; inolaz ez. Kontua zera da, urteak pasatu ahala hamaika bizipen berri metatzen zaizkizula burua daukazun inguru horretan, eta sartu berriek estali egiten dituztela zaharrak, burua berriz astindu arte behinik behin.

Zertara dator aitorpen moduko hau?. Nire buruari UEUn han-hemenka izandako bizipenez nik neuk galdetu eta hor ibili naiz buru-bideak sasiz askatzen, nire bizitzan mugarri izan diren batzuk neure orain arteko bide-orrian kokatzen. Eta lan horretan nagoela burua 70ko hamarkadaren azkeneko urteetara joan zait, buruak bere erabakiak hartzeko duen eskubidea baliatuta. Iruñean zen, eta garai hartako urte-serie luzean ere hantxe izan zen, inguruan larre gutxi zeukan Larraona fraide-etxe hartan. Inoiz ere apaiztegian izana ez zen nire moduko batentzat apur bat fuerte zen eszenatoki hura, aitortu behar dut. Zin dagit. Baina indartsuagoa suertatzen zitzaidan harako indar zentripetua handik kanpoko zentrifugoa baino. Zerk bultzatu ninduen ni hainbat urteren segidan etxe hartara biltzeko?. Musulmanek urtean behin Mekara modura, euskaldunok urtean behin, udan beti ere, Larraonara ote?. Auskalo!. Hau kolpea! 2012an nago neure buruari itaunean zerk bultzatzen ninduen ni Iruñea aldera udaren atarian. Euskara hizkuntzak? Euskarazko zientziak? Euskal politikak ote?… Seguruenik, denetariko apur batek. Edo denetariko askok, seguru asko. Baina ez etxe hartako arkitekturak.

Gaur egunean lizentziatura amaitzear dauden unibertsitate-ikasleek, edo estudianteek?, izaten ez duten aukera izaten genuen garai hartan lizentziatu berriek. Eta nik halako batean aukera baliatu eta horra! UPV-EHUko irakasle! Geologia euskaraz lantzeko konpromisoaz!. Zerotik abiatu behar hark, beste gauza batzuen artean, bultzatu ninduen udako UEU hartara. Geologiaren eremu zabala euskaraz lantzen hasi, batetik, eta geologiaren eremu zabala euskaldunon artean zabaldu, bestetik. Hara garai hartako apustua!, oraingo apustu beraren abiapuntua. Gogoan dut garai hartan, artean, bizirik zegoen Anaitasuna aldizkarian idatzi nuena, oker ez banago nire lehenengo iritzi-artikulua izan zen hartan; hots, UEUk udakoa baino urte osokoa behar zuela izan.

Tira, urteak joan, urteak etorri, neure eremua zabaltzen joan nintzen UEUko uda atariko haietan. Hasieran Geologia izan zen, plaken tektonikaz aritu nintzela, filosofo batzuk behiek AHTri bezala begiratzen nindutela. Haxe zen apustua!, ez nago trenaz. Geologia jalgi hadi mundura! Filosofoek beraiek ere geologiak oinarri dituen dinamikoaz eta konplexuaz jabetu eta ikasgaia baliatu zezaten. Zenbat uda atari, inguruan gero eta larre gutxiago zuen Larraona hartan, geologia gora eta behera, tartean joan-etorri batzuk eginda Arbaiungo arroilara, non geologo gutxi, biologo pila eta galdutako beste hainbat batzen ginen, euskaraz jakin minean. Baina ez bakarrik geologia letrazkoen artean zabaldu, eta zientziazkoen artean partekatu, hori baino gehiago zen uda ataria. Neure eskolak eman eta hara! Ondoko gelara ikasle!, kasurako, Sarrik hizkuntzalaritzaz ematen zituen eskoletara, euskaraz irakastea beste garrantzitsua bainuen euskara bera menperatzea, zentzurik demokratikoenean esanda, euskaraz trebatu, aritu, moldatu… gozatu, azken finean.

Baina geologiaren mugak ezagututa gorputzak haratago joatea eskatzen zidan, ezinbestean. Ura helbide, dinamikoa eta konplexua bidaide. Eta hara! Ur-jario emaritsuak bultzatuta, batzuetan uholde modura ere, lekurik leku ibili nintzen, atalez atal. Iruñetik Baionara eta behingoz Larraona ez zen Iruñetik Eibarrera ere. Natur Zientziatik Historiara, Geografiatik Soziologiara. Plaken tektonikatik ur handietara, eta natur baliabideetatik iraunkortasunera, Euskal Estatutik pasatuta ere. Hitzalditik mahai ingurura. Ahozkotik idatzizkora. Uda hasieratik udazkenera. UEU hutsetik UEU-EHU elkarlanerantz.

Zelan integratu hori guztia gogoeta berean?. Are gehiago, integratzera behartuta ote gaude?. Honaino helduta, atzoko bidean ibilitakoaren ondorio gara gaur. Hortaz, zorrean nago UEUrekin, noiz eta batzuen zorrek denon egunerokoa baldintzatzen duten garaian. Baina argien aroa dugu hau, ezinbestean, nork bere ispiluaren aurrean paratzekoa, mitoak apurtzekoa, euskarazkoak balira ere. Baldintzak sortu, errotiko aldaketak eragiteko bidean… eta horretan urte osoko UEU tresna da, funtsezkoa, nahikoa ez bada ere. Ezinbestekoa, dena dela. Akademikotik harantz, sozialetik honantz. Euskaraz aritu, ikasi, irakatsi, partekatu, baina beste gauza guztien gainean euskaraz sortu. Eta gozatu, jakina.

Iñaki Antiguedad (UEUko Klimatologia Eta Meteorologia Saila) / Argazkia: kurtxio

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude