Bob Dylan, Laboa eta Louis Armstrong mundu zoragarri batean

2006ko uztailean izan zen, Bob Dylan eta Laboak oholtza eta hondartza konpartitu zituzten gau horretan bertan.

Baionarat abiatuak ginen nire opel astra estuan, amuarrain temati gisa. Kontrako bidean zihoazen autoak garaiak ez direla hain azkar aldatzen pentsarazi ziguten.

– Laboagatik, bai ­–esan zuen Etxabe zaharrak, Zurriolara harengatik soilik joango litzatekeela aitortuz.

– Hik, beti, txikira hordago! –erantzun nion nik, idazleok geure liburuaren propaganda egiteko daukagun trebetasun paregabe horrekin.

– Norbait etorriko al da gurera? –galdetu zuen Iñaki soinujoleak.

Blowing in the wind geratu zen erantzuna.

Barre egin zuen Etxabek gitarra, eskusoinua, trajea, larrosa gorriak, material guztia kotxetik UEUren egoitzara generaman bitartean:

– Bob Dylanek eta Laboak jotzen duten egun eta ordu berean ekitaldi bat egiteko potrorik ez dik edozeinek! Hori behintzat aitortu behar zaiguk!

– Ausartez beteta zaudek hilerriak –erantzun nion, idazle pedante.

Hogei bat lagun hurbildu zitzaizkigun ipuin-irakurraldi musikatura. Han ibili ginen Sam gizajoaren abenturak kontatuz eta kantatuz, Donostian Bob Dylanek eta Laboak kontzertua ematen zuten bitartean.

Bronxeko beltz bat zen Sam, hortzak soilik zuri, piano etzan bat gerrira lotu, eta egunero-egunero Manhattanerainoko bidea egiten zuena, beti pianoari tiraka, aldapan gora eta behera, 42garrenak 53garrenarekin izkina egiten zuen hartan, New York Public Library dagoen pare horretan, “As time goes by” eta “What a wonderful world” abestiak kantatzeko.

Eta Samen ibilerak han zeudenei azaltzen genizkien bitartean, irudipena izan nuen askotan ez dela jende asko behar gauza batzuk aurrera eramateko, sarritan nahikoa dela pertsona bakar bat piano etzanari tira egiteko, burugogor samarra, baina bakarra. Eta bakar horrek bere ingurukoak mugiarazten baditu, gainera (baga, biga, higa), eta inguruko horiek beren ingurukoak (laga, boga, sega), Baiona osoa piano etzanez betetzeko gai izango ginatekeela agudo batean (ikimilikiliklik!). Eta piano etzanek dantzan jarriko lituzketela Baionako biztanleak oro, eta baita Aturritik Ebrorainoko guztiak gero, eta dantzan jartzean, mingainak ere hala hasiko liratekeela, mundu zoragarri batean, gure mundu txiki baina zoragarrian, eta mingain-dantza horretan Laboak eta Dylanek ere parte hartuko luketela elkarri eztarri-zuloak igurtziz, halako estasi amaigabeko batera irits…

Baina itxi egin zizkiguten Baionan tabernak, eta ez genuen bukaera irudikatzerik izan.

Eta etxerantz abiatu ginen, hurrengo egunean berriz piano etzanari tira egiteko asmoarekin.

Bertol Arrieta (UEUko Informatika Saila)/ Argazkia: Bob Dylan (Badosa)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude