Asko eman

Nahiko gaztea nintzen UEUko ikastaroetara lehen aldiz joan nintzenean. Garai hartan Psikologiako ikasketetan murgildurik nengoen eta uztaila aprobetxatzen nuen nire jakinmina pizten zuten gaietan unibertsitate desberdinetan ikastaroak egiteko. Psikologiako laugarren mailan nengoela tokatu zitzaion txanda UEUri. Bi ikaskiderekin joan nintzen Larraonara. Han bizi izandako esperientziak harriturik utzi ninduen. Irakasleen hurbiltasunak, ikasleen artean sortutako dinamikak, gelaz kanpoko ekimenek ez zeukaten udako beste ikastaro batzuetan ordurarte jaso izandakoarekin zerikusirik. Bizipen horrek bultzaturik UEUko Psikologia sailean lanean hasi nintzen eta horrek UEU zer zen ezagutzeko aparteko aukera eskaini zidan. Gure herrialdearen garapenerako erakunde honek duen garrantziaz ohartu nintzen. Horrela, UEUrekiko nire konpromiso maila areagotzea erabaki nuen. Inoiz ez naiz damutu erabaki horretaz.

Euskal Herriko Unibertsitateko nire lankide eta lagun ditudan Xabier Isasi eta Jokin Apalategik bultzatuta, Jokinek zuzendutako Giza eta Gizarte Zientzietako UZTARO aldizkariko erredakzio batzordean lanean hasi nintzen. Horretan eman nituen 12 urte, labur joan zitzaizkidan. Izan ere, Gidor Bilbao, Ruben Iglesias, Pruden Gartzia, Jesus Mari Zalakain, Iban Zaldua, Mikel Zurbano eta Nekane Intxaurtza bezalako aparteko kideekin egin nuen ibilbide hori.
Urte guzti hauetan zehar, UEUtik gertu sentitu naiz, bere garapenean eman diren pausoen lekuko izan naiz. Izugarri handitu dela iruditzen zait, ezagutzaren gizartera egokitu da, teknologia berrietan puntako erakundea bihurtu da, profesionalizaziorako ibilbidea egin du, profesional bikainez hornitu da baina ez du inolaz ere auzolanean oinarritutako erakundeen izaera galdu. Gizarte honetako kideoi UEUk asko eman digu eta asko ematen jarraituko duela konbentzituta nago. Eskerrik asko beraz!

Nekane Balluerka (UEUko Psikologia Saila)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude