Nire UEUko bizipenez

UEUko lagunek nire bertako bizipenez zer edo zer idazteko eskatu didate. Ez da beharleku samurra, asko dira eta burutara datozkidanak. 1983.ko udan agertu nintzen lehenengoz Larraonan eta aurten Eibarren egon naiz azkenekoz. Arte horretan huts asko egin ditudan arren, beti eduki dut kontaktua UEUrekin era batera edo bestera.

Nik batez ere bertako giroa atxiki dut gogotan urteotan guztiotan. Nire lehen urteko bizipena ez daukat ahazteko eta horregatik ekarriko dut hona. Horregatik eta UEUrekin daukadan zorra aitortzeko.

Ez dakit nirea moduko kasu asko egon diren UEUkideen artean, nirea bitxi samarra izan da eta. Hara joan nintzen lehenengo aldi hartan ikasi bakoa nintzen. Irakasleek gure amari ikasteko balio ez nuela esan ziotelako edo beharrizanagatik 16 urterekin lantegietan hasi nintzen lanean eta gero garaiko beharrizanak eraginda AEKn hasi nintzen klaseak ematen. Baneukan ikasteko gogoa, are gehiago euskaraz ikasteko gogoa, baina nire buruaz fidatu ez eta beldurrez joan nintzela aitortu behar dut.

Bertara heldu eta han egon ziren Gotzon Aurrekoetxea, Txipi Ormaetxea, Natxo Urkijo, Iñaki Camino, Amaia Otxoa besteak beste eta denen dinamizatzailea, burua eta arima Txillardegi. Hura ikara! Karrajuetan Jose Ramon Etxebarria, Martin Orbe, Baleren Bakaikoa,… Han edozein gauzaren gainean egiten zen euskaraz berba!

Harrigarriagoa zer edo zer esateko zeukan edozeinek berba egin zezakeen beldur barik!! Irakasleek ikasleon iritziak entzun eta kontuan hartu ere egiten zituzten. Ni ez naiz parrandazalea izan, baina klasetik kanpo pareko taberna haietan edukitzen genituen hizketaldi luzeetan batek daki zenbat ikasi nuen!

Luze barik batzarrak, lehen ikerketak eta lehen hitzaldiak eman beharra etorri ziren. Zelan ahaztu euren lanak bertan aurkeztu zituzten irakasle batzuk, Andolin Eguzkitzaren sintaxia, han Jose Ignacio Hualdek azentuaz egineko ekarpenek liluratu gintuzten. Baina gure arteko eztabaidak eta lanak izan ziren kilikagarrienak.

Nik neuk gogo-bihotzetan gordeta dauzkadanak laburtzeko hiru azpimarratu gura ditut, ikasteko eta ikertzeko grina, zintzotasun intelektuala eta ikasle irakasleen arteko barrerak hausteko joera.

UEUko giroak beldurrak eta ziurtasun eza ezabatzeko aukera eman zidan eta bide bat erakutsi zidan, geroztik ez naiz geratu eta, osasuna lagun, espero dut ez geratzea.

Amaitzeko dagidan itaun bat: ze beste leku egon zen gure sasoian euskaraz eta jakintzaren inguruan era guztietako jendea biltzeko eta elkarri ikasi eta irakasteko?

Mila esker UEUri eta UEUko lagunei bihotzez!

Iñaki Gaminde (UEUko Hizkuntzalaritza Saila) / Argazkia: Andolin Eguzkitza. Hiru.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude