Baietz esan nuen eta… mundu bat zabaldu zitzaidan

“Uztailean lan?” Aitortu behar dut, proposamenak hasieran alpertuta harrapatu ninduela. Unibertsitate urteak amaitzen nengoen, AEK-ko prentsa bulegoan laguntzen, eta Itziar Egibarrek Udako Ikastaroen prentsa bulegoan lan egiteko aukeraz berba egin zidan… Ai alperkeria horri kasu egingo banio!!!

Hiru urte egin nituen prentsa bulegoan lanean, ta kazetari lanei bertan hartu nien gustoa. Imajinatu: Lau astetan gai interesgarri askori buruz zertxobait ikastea. Alkarrizketak luzatzea, ezin laburtu ibiltzea: psikomotrizitatea, kimika, informazio eta geometria sistemak, Euskal Herriko anfibioak… Eta gaiez gainera, zenbat jende konpartitzeko irrikaz… Ikasle bizitzan gora-beherak izan nituen motibazioan, eta uste dut UEUri esker baloratzen ditudala ikasteko griña eta irakasleen bokazioa. Prentsa bulegoko bero eta estres uneen gainetik umorea beti! (lana amaitu eta garagardo eta pitxi-pitxi erosketen motibazioa hor zegoen)

Aurten lehenengo aldiz egon naiz Udako Ikastaroetan ikasle. Rol horretan ikastaroak bizitzeko gogoa neukan… eta oso gustora bueltatu naiz! Auzolanean behar egiten duen hainbat jende dago ikastaroak prestatzen, eta giroa apartekoa da. Hizkuntzen berreskurapenari buruz hausnarketa ugari egin ditugu Garabidek emandako bi egunetako ikastaroan. Autobusetik bajatu eta bikoteari ikastaroko gauzak arrapaladan kontatu nizkionean zera pentsatu zuelakoan nago: “Ez diat uste horrenbeste minutu segidan hitz egiten ikusi hautenik”.

Iruñean ikasle, idazkaritzatik pasatu, eta… prentsa bulegoko garaiak gogora. Oroitzapenak bata bestearen jarraian, arrapaladan kontatuko nituzke. Ezagutu dudan unibertso berezi hori umorez eta gertutasunez beteta dago. Eskerrak uztaila hartan nire alperkeria gainditu zenuen, UEU!

Amaia Ugalde (UEUko Kazetaritza eta Bertsolaritza Saila) / Argazkia: Euskararen berreskurapenaren inguruko ikastaroa. 2012

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude