40 urte… dagoeneko?

40 urte dagoeneko…… Dagoeneko???? Hainbeste??? Hain arin??? Oraindik?????

Honelakoak eta gehiago etortzen zaizkigu ospakizun bakoitzean. Atzera begira jarri, errepasoa egin eta gauden lekuan sendotuaz aurrera egiteko urratsa tinkotu. Berrogei urte horietatik, mordotxoa izan nau/dut lagun UEUk….. eta dagoeneko….. modu apalagoan bada ere…… betirako izango nauenaren susmoa hartuta nago.

Urte horietan baina, ez nuen rola izateko desiratzen, ikaslearena hain zuzen ere. Irakasle izana naiz, sailburu ere, zuzendaritzako kide, zuzendari, etxekoandre, …… eta gutxi batzuetan, oso gutxitan, ikasle, eta gehiagotan nahi…. hemendik aurrera agian.

Urteurrenetako balantzean baino, analisiak baino, balorazio baino, plangintzak baino, artikuluak baino, ekitaldi formalak baino, argazkiak begiratzea nahiago, honela biziberritzen ditut pasadizoak, pertsonak, ezagunak, lagunak, gertakariak, …..; honela pozten, alaitzen, tristatzen, hunkitzen, haserretzen, amorratzen, txitxare-egiten, ….. Urrutitik entzuten dira nire algarak horrelakoetan; ederki ubeltzen dut aldamenekoaren besoa “goatzen?…. goatzen?” diodan bitartean; dagoeneko ederki ezagutzen nautenek adi ditut hau nor den eta hura nor den gogora arazteko eta nire lotura mnemoteknikoak jasateko; alegia….”aaaaaaa, honako hau? halako ikastarotan egon zena? horrako horren laguna zena?….sekulan dantza egiten ez zuena?…… beti kafesnea hartzen zuena?….. sekulan galtzerdiak kentzen ez zituena?….. ez dakit noren aitaren lagunaren alabarekin ezkonduta zegoena?…. urte hartan ikastaroetan benetan ligatu zuen bakarra izan zena?…. hitzaldi hartan lotan gelditu zena?; urtero urtero apropos ikastaroetarako zirudien alkandora loredun indiano tankerakoa zekarrena?…..bertsotan jarduten zuen matematikaria?….gerora beti gurera gorbata jantzita etorri den gazte melenaduna?…., guztiak txoro-txoro zituen hizkuntzalari pertxenta?… hura agurtzeko muxuak eman nahi izan ezkero eskailerak aprobetxatu behar zenituen hura edo hanka puntta-punttatan jarri bestela?…. bere buruaz-beste egin zuen hura?… ume txikiarekin etortzen zena?…elbarria?…errusieraz abesten irakasten ziguna?

…amaigabeko oroitzapenak, amaierarik ez duelako, etenik gabe biziberritzen delako, lehen udakoa zena orain urte sasoi guztietan delako; finean…. norberaren biografiaren parte delako.

Aipatu bezala, argazkiak nahiago, baina noizik eta behin, garbiketa egin behar den une kaotikoetan ….. zenbat ikastaro, egitarau, proposamen, batzar, apunte, marrazki, txosten, karpeta, paper……eneeeeeeeeeeeee bota nahi eta ezin……. gaiak ere….. hori bai diziplinartekotasuna gero!

Eta oroimena dantzan jarri ezkero, “plakua” izanik, markak dira gelditzen zaizkidanak, arrastoak,….. garai bateko kultur-gizon txit argiak (bai, bai, gizon esan dut, gizonak zirelako, eta ez dut apaiz/fraile esan……. infiltraturen bat egoten zelako beti tartean…..), maisu ospetsuak, andereño hurbilak, politikariak, zientzialariak, alprojak, emakume finak, langile porrokatuak, jakintsu apalak eta lotsagabe-ezjakin-harroputzak…..

Bueno, bueno, orain nahikoa denborarik ez dut eta hurrengo batean kontatzen hasiko natzaizue……

Lore Erriondo Korostola (Zuzendari ohia eta Pedagogia Sailkidea) / Argazkia: Luis Villasante, Larraonako jantokian)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude