UEUren ikastaro ezkutuak

Prentsa bulegoez nuen irudia erabat puskatu zidan UEUk. Prentsa eta bulegoa ezkonezinak zirela uste nuen garai hartan. “Puf, prentsa oharrak bidali beharko ditut soilik? Agintzen nautena idatzi, komunikabideen zerrenda luzea hartu, posta elektronikoan txertatu eta bidaliri eman? Hori izango ote da nire lana?”, pentsatu nuen. Ezta urrik ere.

Gogoan dut: 2009ko maiatzaren 18a zen Amaia Ugalde nire klasekidearen mezua jaso nuenean; Udan UEUn ibiltzeko? jartzen zuen mezuaren gaian. “Udan Udako Ikastaroetan prentsa bulegoan ibiltzeko jendearen bila gabiz. Ez dakit noz arte zauzen Berrian… agian interesauko iatzu!”, zioen hitzez hitz. Orduan etorri zitzaizkidan burura prentsa bulegoez nituen aurreiritziak… eta eskerrak aurreiritziak horixe diren, askotan zerbaiti buruz ditugun ideia okerrak. Agian araua baieztatzen duen salbuespena da, ordutik ez baitut beste prentsa bulego batean lanik egin; hala bada, zorionekoa ni.

Elkarrizketak egin genituen, hamaika gairi buruzkoak, blogean idatzi, erreportajeak, aldizkari bat egin. Baionan izan ginen, Iruñean, eta nola ez Eibarren. Hori ederra izan zen, laneko kontuengatik etxetik kanpo lo egiten nuen lehen aldia zen; ikastolarekin hiru egun oporretara joaten ginenean bezala sentitzen nintzen!

Sinpleki esanda, hasiera batean kazetari sentituko ez nintzen beldur nintzen, baina beldur hori soberan gainditzeaz gain, publiko orokorrari eskaintzen ez dioten ikastaroa eskaini zidaten UEUn, kazetaritzarik harago doana.

Eihartze Aramendia (UEUko Prentsa-bulegoa)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude