Begirada bat

Bizipenak asko badira ere, nik begirada bat dut gogoan.
2005eko uztailean izan zen, eta orduan ni haurdun nengoen. Markeskoan lanean nengoela, Iratiren deia jaso nuen Baionako ikastaroak bukatuta, materiala Eibarrera bueltan zetorrela esateko eta ze ordu inguruan iritsiko ziren abisatzeko. Mutil lagunari deitu nion bera ere Baionatik Eibarrera etortzeko eta materialarekin lagundu eta gero biok etxera bueltatzeko asmoarekin.

Mutil lagunaren lehenengo aldia zen Udako ikastaroetan. Baionan egon zen. Lehenengo aldia eta ikastaro baten antolatzaile izan zen. Ezagutzen duzuenok errez lotuko duzue irrifar zabal batekin. Izan ere, umore oneko pertsona da eta errez barre egitekoa. Markeskoara etorri zenean, dena den, bere begiradak atentzioa deitu zidan.

Pozaren pozez zetorren. Begien distira dantzan. Begizulotxoak, baina bizi. Ni ikusteko pozik, baina atzean utzi duenaren tristura izpi apal batekin. Aste intentsoa izan omen zen. Joaterakoan, lehenbiziko aldiz nonbaitera joateko urduritasun lagun, irakasle izateko zama eta ardurarekin, ezinegonak markatzen zuen bere begirada. Eta bueltan, udako ikastaroetan parte hartzeak beste proiektu handiago baten parte zarela irudikatzearekin batera, lana bukatzeak ematen duen nekeak zipristinduta eta gauero erretako lagun berrien solasaldien asetasunak ematen duen poztasunarekin, Borjaren aurpegiak distira berezi bat zuen, begiradatik sortzen zena, bizipena garrantzitsua izan zela adieraziz.

Ainhoa Latatu (UEUko Idazkaritza eta Natura Zientziak Saila) / Argazkia: Ainhoa Latatu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude