Zorabiatzeko modukoa

UEU…bere berri lehen aldiz 1991.ean izen nuen Biologiako ikasketak Leioan egiten ari nintzelarik…UEUko Udako ikastaroak, Iruñan, Larraonan…eguraldi sargoria, jente piloa, logelatxoak, jatorduetarako tiketak, jende “ospetsua” inguruan eta eskolak…bai, eskolak baina batez ere Natur Zientzietako Sailekoentzako asteburuetan egiten genituen irteerak dira gogoangarriak…nik bi irteera ditut buruan, bata Belagoara joan ginenekoa…Angel Oloron mendi-aterpean, unibertsitateko gure irakasleak afaldu ostean Larrako mapa baten inguruan gogoratzen ditut, hurrengo egunean goizean goiz talde bakoitza norantza abiatuko zen erabakitzen; konklabe oso profesional gisara irudikatzen nituen orduan…eta baita orain ere… ni tartean ume moko baten antzera…eta bizpahiru egunetan hantxe, taldeka banatuta, “zuek txoriak begiztatzera, zuek sarrioak zenbatzera, zuek landaredia aztertzera”…nork jakin zenbat jarduera desberdin zeuden…

Eta beste irteera Kodesera egin genuenekoa; hango santutegian pasa genituen bizpahiru egun eta niri eta nire lagun Leire Barruetabeñari gauez Joxerra Aihartza saguzarzalearen,gaur egun adituaren taldean tokatu zitzaigun…gauez irten, usain-tranpak jarri ez dakit zein “bitxo” harrapatzeko edo haren aztarnak aztertzeko…emozioz betetako gauak pasa genituen. Baina irudi guztietatik bat aukeratu beharko banu, hauxe: gauaren erdian eta herrixka txiki bateko iturri baten ondoan Joxerra, tripa gainean ondo jarritako kañabera bat zuela saguzarrak erakartzeko ahaleginetan…eta uhin-detektore bateko pipipiiiiiiipipipiiiiiiiiiiiiii soinuak…eta piiiiiiii horien maiztasunaren arabera Pipistrellus pipistrellus omen zen…eta gu ahozabalik…ordutik hona bakoitzak bere bide profesionalari ekin dio eta saguzarrismoarekin zerikusirik bat ere ez du ez nire lanak ezta Leirerenak ere, baina orduan ikusi eta ikasitakoak inoiz ez ahazteko moduan gaude (Pipistrelus hitza sekula ahaztuko ez dudala seguru nago)…polittak oroitzapenak, nostalgia puntua ere hor…

Ah!!! Eta nire lehen klasea ere bertan eman nuen…tesina amaitzen nenbilela Bego Jugok engantxatu ninduen…transgenikoen gaineko klasetxo bat emateko…eta bai, eman eman nuen…entzulego baten aurrean lehen aldiz jarri nintzen orduan eta urduritasunaren urduritasunaz erdi zorabiatu egin nintzen…mantxa beltzak ikusten hasi nintzen, izerdi hotza bizkarretik behera igertzen nuen…erori ez, ez nintzen erori baina tira…ordu bete latza pasa nuen. Ordutik zeozer ikasi eta hobetu dugu baina irakasle lanetan ere UEUk eman zidan bidea, nola ez, ikasteko eta gozatzeko leku aproposena baita!!!

Miren Josu Omaetxebarria (UEUko Natura Zientziak Saila) / Argazkia: Kodeseko santutegia (izka)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude