Pizgailu kulturala

Iruñeako UEUra lehen aldikotz joan nintzen 17 urterekin, XVI. ekitaldira 1988an, aitak ideia emanda. Han ezagutu nuen lehen laguna Juanjo izan zen, eta handik hilabete batera
Bilboko Aste Nagusira gonbidatu ninduen, bere etxera, Bilbo ezagutzeko.

Artean guztiz euskal analfabetoa nintzen. Ikastolatik jalita 12 urterekin, nire garapen
kultural guztia frantsesez egina nuen Baionako Cassin lizeoan, frantsesa, gaztelera,
ingelesa eta latina landuz, ingurune arrunt frantses batean. Nire euskal familia girotik at,
frantses asimilatu bat bezala bizi nintzen guti gora behera.

Hegoaldean zer bisitatua ote nuen? Nafarroa garaiko eliza erromaniko eta gaztelu
zenbait, Arrasate, Elgoibar, Plentziatik Hondarribirako kostaldea, Donostiako alde
zaharra… Zer entzuna ? Lete, Iriondo… Oskorri, Itoiz, Laboa, Urko eta beste… Eta zer
irakurria : Ipurbeltz eta Argia zenbait, Hamabost Egun Urgainen, Aresti bat edo biga…
Lasaitasun handienarekin eta oharkabean, aski ezjakina nintzen euskal kulturan. Oroit
garai hartan ez zela ETBrik hartzen Baionan. Internetik ere ez zen, noski.

Dena den, Iparraldean betidanik bizi izan dira hegoaldeko errefuxiatuak (bi mendez
geroztik ?). Hor zebiltzan esaterako Monzon bat eta beste ehunka. Eta Angeluko Oihana
ikastolan, gure ikastolan, dozena bat errefuxiatu seme‐alaba zeuden bederen, herrialde
guztietakoak (Lekeitio, Gasteiz, Iruñea…), baita Venezuelatik itzuliak ere. Eta guk
elkarren artean hitz egiten genuen euskara batuaz, ez ofizialaz, baina bai gure arteko
batueraz (erdal maileguz aberastuz, noski : « frantsesek » erabiliz salaud, eta
« espainolek » cabrón…).

Zer gertatu zen 1988ko UEU hartan ? Ideologizatu ala desideologizatu nintzenetz ? Nire
euskal gaiekiko ezjakintasun abisalaz jabetu nintzen, besterik gabe, bai hizkuntzaren eta
bai kulturaren alorretan. Hortik goiti euskarazko liburuak modu jarraikian irakurtzen
hasi nintzen «denbora galduaren bila », baita erdarazko liburuak ere, euskal gai jakin
batzuei buruzkoak.

UEU niretzat izan zen, eta izan da, pizgailu kultural bat. XVI. ekitaldi hartaz gero, dozena
bat aldiz egona naiz UEUn, matematika sailean bereziki, eta beste anitz sailetan ere,
hitzaldi edo hizlari berezi batzuk entzuteko, dela soziologian, dela hizkuntzalaritzan,
historian, literaturan, etab. Hor egin ditut nire humanitateak (zientzilaria bainaiz
formakuntzaz). Hor egin ere lagun eta ezagun asko. Hor deskubritu ditut Iparraldeari
buzuko datu asko, nola Euskal Rocka Baiona inguruan sortu zen, adibidez. Hor, politika,
kultura eta gizarte eragile asko entzun ditut, iparralde zein hegoaldekoak, jatorri eta
norabide askotarikoak.

Baina, atzera begira jarririk, ohartxo hau nahi nuke egin : UEUra hurbildu den gazteria
nire garaian hegoaldekoa izan da orokorrean, salbuespen ttipi batzuk aparte. Eta hori ez
zait erraz buruan sartzen…

Iban Harluxet (UEUko Matematika Saila) / Argazkia: El Diario de Boabom

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude