Ibili munduan txapela buruan

Beti esan dut, hainbat leku eta forotan, UEUrekin zorrean nagoela, zati handi batean UEUri esker nabilelako euskaraz EHUn irakasten. Baina ez da hori gauza originala, leihatila eder honetan beste batzuek ere esan dutelako eta, idatzita ez badago ere, leku askotan aho askotatik esanda entzun dudalako/dugulako.

Bizi guztirako geratu zait bizipen hori, zentzurik zuzenenean (eta ezkutuenean), eta beste hainbat ditut buru barruan eta bihotz ondoan: Larraonatik Baionara, Eibartik Bilbora, Donostiatik Lezamara, ikasleriatik irakasleriara, irakurtzetik idaztera, isiluneetatik solasaldietara, bazkidetzatik talde eragilera, sailez sail unibertsitatetik unibertsitatera, sailetik lantaldearen laguntasun eta profesionaltasunera…

Baina nik hemen, Joserra Aperribai eta biok kenduta, beste inork izan ez duen bizipen bat kontatu eta Lezamarron harrotasun/keriaz mundura zabaldu gurako nuke: 1982. urtean Larraonako mus-txapeldun geratu ginela (argazkia lekuko), oso lehia gogorrean gipuzkoar neska-mutil bikote jakintsu eta orekatu baten kontra. Joserra lagunak esaten duen moduan, “unibertsitate mailako mus-txapeldunak” gara biok. Orduko UEUren Zuzendariak, Martin Orbe Jaun Txit Gorenak (eta denon lagunak) jarri zigun txapela buruan. Ba al du beste inork ohore handiagorik?

Berrogei mila esker UEU!

Fernando Olabarrieta (UEUko Psikologia Saila) / Argazkia: Txapela (Joserra Aperribai).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude