Arzak-en txuleta

UEUn gauza asko ikasi dut izandako urte guztietan, buruari eta gogoari ondo eman diot jaten, baina bizipen bat gogoratu behar badut, halabeharrez Homer Simpsonena egin behar dut eta txuleta batekin gogoratu…

Urteak dira sekula ikusitako txuletarik ederrenetakoa aurrean eta barruan izateko aukera izan nuela. Bakar-bakarrik ez nintzen orduan, eta konpartitu beharko genukeela pentsatzeak oraindik eragiten dit nolabaiteko ezinegona, neuretzat baino ez nukeen nahi eta.

Tira, sukaldaritza ikastaroak antolatzen ziren lehenengo aldia-edo izango zen, egia esan ez dut ondo gogoratzen, baina han zehar Arzak bera ere bazebilen saioren bat emateko. Ni neu Glotodidaktika ikastaroan izango nintzen betiko moduan. Urteroko ohiturari jarraituta, eskolak amaiturik eta afaldu ondoren, legezko parrandatxoa egin genuen alde zaharrean. Bueltarako Larraonan ate guztiak itxita zeuden, baina, zorionez, parrandakide batek etxe guztiko giltzak zituen (horregatik, ziurrenik, geratuko ginen hain berandura arte).

Gaueko ordu txikietan, sartzeko orduan ikusiak ez izateko, atzeko, beheko edo ez dakit nongo atetik sartu ginen. Geletarako bidean, gure ezkutuko ibilbidean, sukaldetik ere pasatu ginen, eta, hara non denon bistan agertu zitzaigun Arzakek berak hurrengo egunean-edo prestatu behar zuen txuleta ale ederra. Begiak ondo alaiturik, hurrengo egunerako benetan izango ote zen ala ez eztabaidan luze jardun ostean (bazen soberan geratutakoa zena esanen zuenik…), zegoen zegoenean ustea erabaki genuen, denon atsekaberako…

Gose ginenok Larraonaren pareko tabernaren makinetako litxarreriekin konformatu behar izan genuen…Hurrengo urtean Glotodidaktika ikastaroari utzi eta Sukaldaritza ikastaroan eman nuen izena; hala eta guztiz ere, orduko pareko txuletatarik ez zen berriz Larraonan izango…

Tito Serrano (UEUko Glotodidaktika Saila) /  Argazkia: jlastras

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude