Benetan merezi du

40 urte bete dituzte UEUko Udako Ikastaroek, 4 urtez jarraian hartu nuen parte nik hauetan, lehenengo aldia 2004ean izan zen…

Lehen aldi hartan Biarritzeko ikastaro batean izena eman nuen. Pedagogia eta Magisteritza ikasketak amaitu eta hezkuntza munduan lanean ikasturte bat eman ondoren, klasean ikasleen motibazioa nola hobetu, hauengana nola heldu eta antzeko gaiak lantzen zituen ikastaro batean parte hartu nuen. Talde txikia ginen, bakoitza errealitate ezberdin batetik zetorren, irakaslea benetan ona zela oroitzen dut eta estrainaldia primerakoa izan zela esan daiteke.

Bigarren urtean autismodun haurrekin lan egiteko metodologia bati buruzko ikastaroan izena eman nuen. Teach metodologiaren oinarriak barneratu genituen honetan aditua zen profesional baten eskutik. Lankide gehiago ere animatu ziren eta taldean ibili ginen Biarritzera joan etorrian. Ikasturteari amaiera emateko modu polita izan zen.

Hirugarrenean psikomotrizitate erlazionalari buruzko ikastaroan arduradun lanak egitea tokatu zitzaidan eta nahiz eta oraingoan ere lankideren bat edo beste animatu, joan etorrietan ez nintzen beraiekin egon, Baionan bertan geratu bainintzen ikastaroak iraun zuen egunetan. Udako ikastaroak beste modu batera ezagutu nahi nituen eta ikastaroko orduez aparteko giroa bizitzeko aukera izan nuen.

Azken urtean Pedagogia Sailetik Psikomotrizitate erlazionaleko ikastaroa antolatu genuen berriz ere baina oraingo honetan Eibarren. Arduradun lanak burutu nituen bertan. Partaide mordo bat izan zen eta gustora jardun zuten nik, ordea, rol ezberdina izan nuen, ikasle begiradarik ez nuen izan, baina antolaketa lanetan aritzen direnek egiten duten lan bikaina hurbilagotik ezagutzeko aukera izan nuen.

4 urtetan jarraian parte hartu nuen ikastaroetan, denak bizipen ezberdinak, pertsona ezberdinak ezagutzeko aukera izan nuen eta benetan aberatsa izan zela esan dezaket. 40 urtean antolatu dira eta hau posible egiteko atzetik dagoen eta egon den pertsona taldearen ilusio eta konstantziarik gabe ezingo litzateke errealitate bihurtu. Benetan eskertzekoa da horrelako eskaintza bat euskaldunoi zabaltzea. Gogoan dut lehen aldiz Lore Erriondok hitz egin zigula UEUri buruz Pedagogiako ikasketak amaitzear ginen ikasle taldeari, batzuk jarraitu genion bere proposamenari eta hor hasi zen nire ibilbidea.

Azken uda hauetan beste proiektu batzuten murgildurik nabil baina ea Pedagogia Sailean dinamika pixka bat berreskuratzen dugun berriz ere eta datorren urterako zerbait antolatu dezakegun, benetan merezi du eta!

Maite Pardina (UEUko Pedagogia Sailburua) / Argazkia: Psikomotrizitate ikastaroa. Baiona, 2006.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude