Sosak mugaz gaindi

UEUrekin lehen harremana 1976an izan nuen. Ikasle nintzen artean Donostiako Kimika Fakultatean. Franco hil berria zen. Luis Bandres zenak fisikako eskolak ematen zizkigun fakultatean. Egun batean, ikasle saltsero euskaldun batzuoi hurbildu zitzaigun eta Elhuyar izeneko talde bati buruz hasi zitzaigun berriketan. Hurrengo larunbatean Elhuyarren bilera joateko gonbita luzatu zigun. 1976ko negua zen eta hara joan ginen Mariaje, Tere eta hirurok, zerrekin egingo genuen topo oso ondo ez genekiela.

Hala hasi nintzen larunbat arratsaldeko bilera haietara joaten, eta, ondorioz, Elhuyarren lanetan murgiltzen. Garai hartan Elhuyar UEUren antolakuntzaren zutarrietako bat zen. Ordutik hona gauzak ez dira askorik kanbiatu eta antolakuntzaren alderdienetako bat zen UEU finantzatzeko diru-bilketa egitea. Besteak beste, horixe egiten zuen Elhuyarrek. Hainbat ate jota, enpresa eta finantza-entitateak bereziki, dirutxo bat biltzea lortzen zen. Halaxe egin zen 1976an ere. Abuztua gerturatu zen. Hegoaldean bildutako dirua Iparraldera eraman behar zen. Ez zen kontu erraza. Mugak muga ziren orduan, Schengenik ez baitzegoen. Espainiatik dirua legez ateratzeko mugak zeuden.

Diru mordoska bildu zen, Ez dut gogoan zifra, inoiz jakin badut zenbatekoa izan zen. UEUk behar zuen. Zer egin? Ba aurrera! Dirua bi multzotan partitu zen. Multzo bakoitza kotxe batean ezkutatu genuen eta Baionarantz abiatu ginen. Larunbat arratsaldea zen. Neronek gidatu nuen autoetako bat. Santiago zubitik pasa genuen muga. Lehenik Espainiako Polizia Armatuaren garita; pasaporteak erakutsi eta aurrera. Lasaitzen hasi nintzen. Frantziako mugako jendarmeek arintasunez kontrolatu gintuzten. Hendaiako geltokiaren paretik pasatzean, hura lasaitua hartu nuena!. Manex Goienetxe genuen Baionan zain. Hari sosak eman genizkion. Tragoren bat joko genuen, seguruenik. Azkenik buelta lanak ondo eginda iritzita.

Horixe izan zen nire harreman zuzena UEUrekin. Abuztuan Uztaritzera joan nintzen 15 egunez. Ipar Euskal Herria ezagutzen hasi nintzen orduan. Larraonara joan nintzen hurrengo urtean, eta hurrengoan, eta hurrengoan, … Udako hitzordu saihestezin bihurtu zitzaizkidan Larraonako karraju luzeak. Hori beste istorio bat da, ordea.

Inaki Irazabalbeitia (UEUko Zuzendari-ohia) / Argazkia:  Santiago zubia. Txikillana Argazkia.org bidez

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude