Zientzia buruan, euskara bihotzean

Lau hamarkada bete dira lehenengo Udako ikastaroak antolatu zirenetik. 40 urte zientziaren arlo desberdinak unibertsitatean euskaraz irakasten, ikasten, hausnartzen, jendarteratzen direnetik. Urteurrena ospatzeko, duela 40 urte bezala, Baiona aukeratu zuen UEUk. Atzo egin zen ekitaldian bete egin zen Baionako Euskal Museoko Aretoa: Euskalgintzako jendea, agintariak, euskaltzainak, kazetariak, UEUko ordezkariak… Denak hizlariei adi-adi eta urte luzeetako lanari memorian errepasoa eginez.

Karmele Artetxe UEUko zuzendariak hartu zuen lehenengo hitza. “Lau hamarkadetan euskara eta unibertsitatearen alde lanean”, hasi du aurkezpena. “Hemen hasi zen dena”, aipatu du, “Baionako kultur asteetan”. Karlos Santamariak proposatu zuen Euskal Unibertsitatea sortzeko premia. Horregatik, 1973. urtean lehenengo aldiz antolatu ziren Udako Ikastaroak. Euskaltzaindiaren babesa ere eduki zuten ikastaroek. Erakundeek urteurrenik ez dutela ospatzen azpimarratu zuen Artetxek sarreran, diru laguntza publikoen murrizketa salatuz. Eusko Jaurlaritzaren laguntza izenduna kendu zaio aurten UEUri, eta beste diru laguntzak murriztu.

Artetxek UEUren oinarri izan den Jean Haritxelar euskaltzainari eman zion hitza. Begirada dotorea bota zien Haritxelarrek hasierako urteei. Lehenengo ikastaroak Donibane Lohitzunen antolatu ziren eta han 90 ikasle eta 20 irakasle inguru elkartu zirela gogoratu du euskaltzainak, “denak, euskara hutsez jarduten”. Gure hizkuntzan geografia, matematika, literatura eta beste hainbat eta hainbat zientzia alor ikasten eta hausnartzen. “Klaseak eman behar zirela eta euskaraz bakarrik, hori zen gure xedea”, azaldu du Haritxelarrek. Bigarren urtean, 1974ean, “jende gehiago” hurbildu zen Donibane Lohitzunera. “Gazteria gose zen”, definitu du Haritxelarrek. Gero Ustaritzeko Landagoenera joan zirela gogoratu zuen eta askoz ikasle gehiago joan zela barnetegi gisako leku hartara. Bere hitzaldi batean 400 ikasle inguru bildu zirela gogoratzen du euskaltzainak. “Horrela ematen genion euskarari behar zuen maila”, bota zuen bukatzeko.

Haritxelarren ostean Eneko Bidegain kazetariak eta Mondragon Unibertsitateko irakasle eta UEUkidearen txanda izan zen. Bidegainek “katebegi” gisa definitu zuen Udako Euskal Unibertsitatea. “Hainbat katebegiko kate batek lotzen gaitu, eta belaunaldiak, eskuz esku goaz aitzina, euskarari, euskal ikasketei eta euskarazko jakintza arloari etenik eman gabe”, azaldu zuen irakasleak. UEU euskarak “gizarte honetako arlo guztietarako balio duela erakusteko adibide garbia” dela azaldu zuen bere hitzaldian. “UEU euskal komunitate zientifikoaren eta euskal unibertsitate munduaren topagune atsegina da”, gaineratu zuen. “Hor elkartzen gara ikasleak, irakasleak, arlo batekoak, bestekoak, elkar ezagutzen dugu, jakintzak elkartrukatzen ditugu, giro onean, zientzia buruan eta euskara bihotzean”. Bere tesia amaitu berri, Gaztelu berrian “oren anitz” iragan duela azaldu zuen Eskualduna astekaria ikertzen. Orduan sortu zen astekariaren idazleak duela ehun urte “gazteluko pareta haien artean” ibiliko zirela aipatu zuen, eta “plazer handia” ematen diola eraikin haietan, orain, “gerlara joanen ziren militarrak prestatzeko ordez, euskararen inguruko jakintza sakontzen ari garela ikusteak”. Lehenera eta orainera begiratu ostean, etorkizunera saltotxoa eman zuen Bidegainek bere irakasle paperean jarrita. “Hunkigarria da ikustea biharko ikerlariak prestatzen ditugula”, azaldu zuen. “Katebegiz katebegi, kate luze bat osatzen ari da euskal jakintza”, biribildu zuen bere hitzaldia. “UEU hor dagoen bitartean eta UEUren inguruan euskaraz ikertu eta pentsamendua sortzen dutenak dauden bitartean, euskara biziko da”, amaitu zuen.

Hitzaldiak egon ziren bitarte guztian Asisko Urmeneta marrazkilaria UEUren 40 urteak iruditara eramaten aritu zen, paper zuri luze batean. Biñeten antzera, urteka-urteka, irudiak sortu zituen, UEUn egondako pasadizoak kontatzeko. Gertaerak dotore azalduta ikusi ahal izan ziren aurrean, beti ere, umore ukitu itzelarekin. Azkenean 40 urterena ez, baina 2000. urtera artekoa egin zuen Urmenetak, eta amaitu zuenean, “ea norbaitek bere burua ezagutzen duen” bota zuen proposamena. Publikoan zeuden batzuek gogoan zituzten gertaeran, barreek adierazi dutenez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude