UEUko nire bizipenak

UEUk antolatutako Jardunaldi ugarietan egona naiz. Lehenaldia Donibane Lohitzunen izan zen, hain zuzen 1974ean. Hurrenagoko urtean Londresen nengoen, baina nire txosten bat aurkeztu zen eta 1976ean, Uztaritzen hitzaldi orokorra eman nuen, oraindik klase magistralak nagusi baitziren.

Gerora, Ekonomia Sailburu eta UEUko buruzagi izatera heldu nintzen, 1983tik 1987ra. Beraz, UEU, barrutik eta kanpotik ezagutzeko aukera paregabea izan dut.

Denboraldi honetan gertakizun aunitz ezagutu ditut. Baina gehienetan finantzabideak eskuratze aldera. Behin, Kulturako Sailburuarengana joan ginen dirua eskatzera eta programak Argiñanoren eta Iribar-Ormaetxearen hitzaldiak jasotzen zituen. Sailburuaren mespretxua ez dakizu, irakurle, zein nolakoa izan zen. Nola ulertu zitekeen pertsonai horien hitzaldiei unibertsitate maila ematen ausartzea. Geroztik zenbat hitzaldi eta klase emango zituzten sukaldari eta kirolariek?. Bada, harro esan nahi dut UEU izan zela, lehena, sukaldaritzari eta kirolari unibertsitate maila ematen, bertsolaritzari eman genion bezala. Orain, Fakultateak eta guzti daude arlo horietan!

Beste gertakizun bat 1987an eman zen, Larraonan, non, lehengo egunean, afal ostean, salmonelosiaren lehen sintomak azaldu ziren, ditxosozko maionesak sortuta. Gaixotasuna ia ikasle-irakasle gehienek hartu zuten eta egun gorriak jasan behar izan genituen, gaixoak zaintzen eta bisitatzen. Horrela joan zitzaigun lehen aste osoa eta bigarrenerako ere norbait geratu zen, ospitalean gainera..

Gaixotasun hori zela eta akademiak galdu bazuen ere, elkartasuna garaile irten zen eta nola gainera! Edozein aldetatik elkartasuna, esku bat luzatzeko edonor beti prest. Azkenean, lezio ederra emateko gai izan ginen Larraonan bildutako guztiok. Gainera, Larraonan bakarrik ez zeuden gaixotutakoak, 3-4 egoitzetan barreiatuak egoten baikinen garai haietan.

Amaitzeko, azpimarratu, ezkutuko lana eta babesa izugarrizkoa izan zela eta beti ez duela gehien egiten, irudietan azaltzen denak, isilpean, protagonismorik gabe dabilenak baizik.

Baleren Bakaikoa Azurmendi (UEUko Zuzendari-ohia) / Argazkia: Sukaldaritzako ikastaroan, Juan Mari Arzak. Larraona, 2003.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude