Leiho ondoan

UEUren lehen urteetan Sanferminetan egiten ziren udako ikastaroak Larraonan. Goizetan begiak ezin zabaldurik joaten ginenez lanera (Prentsa Bulegokoez ari naiz, baina beste asko ere baziren, ikasleak eta irakasleak), Martin Orbe zuzendariak erabaki zuen gauaz ixtea atea, eta goizetan ate ondoan jartzen zen ikusteko ea nor zetorren zuzenean gaupasatik klasera. Eta segidan errieta egiten zigun, noski.

Orduan gutako bati bururatu zitzaion jantokiko leiho bat erdi zabalik uztea, kartoi batekin trankatuta. Hurrengo gauean berriz joan ginen parrandara eta bueltan leihotik sartu ginen. Geu, pozik, ordu pare bat lo, exkax, eta lanera. Baina hara non Martinek jakin eta leiho ondoan paratu zitzaigun itzuli ginenean. Hura ezustea, eta lotsa!

Ikastaroen amaieran bertso saioa egin zen eta Arabako bertsolari amauterrak, Xabier izenekoak bertso ederra bota zuen, errima zailaz, -ula. Eta azken bertsoan Martin Orbe konparatu zuen Drakula-rekin. Ordutan egon ginen barrezka, eta urte askoren bueltan ere bertso hori gogoratu orduko barrez ito egiten ginen.

1976an, edo 1977an, edo 1978an…. erizainarena egiten Joseba Sarrionandiarekin. Deustuko Unibertsitatean elkar ezagutzen genuen, denak ikaskideak baiginen. Eta nahiz eta Joseba gu baino gazteagoa izan (3 urte nire kasuan) UEUn gure irakaslea zen, dialektologiari buruzko ikastaroa ematen zigulako. Kontua da gripeak jota egon zela hainbat egunetan gelatik atera ezinean. Salda eta janari garbia eramaten genion logelara. Baina asper-asper eginda zegoen gela txiki hartan bakarrik. Gogoratzen dut arratsalde pasa egiten genuela bera entretenitzeko eta, leku nahikorik ez, lurrean jarrita ematen genituen orduak, hormaren kontra, huntaz eta hartaz berbetan, orduen iragaitea leuntzearren.

Anekdotak? Hainbat. Txillardegiri egindako omenezko liburuan (HEMEN eskuratu ahal duzu doan) azaldu nuen nola ezagutu nuen bera Ustaritzen 1975ean. Nola biltzen ziren ETAkideak Ustaritzeko edozein geletan, deialdia txintxeta batekin horman jarrita. Nola ikusi nuen lehenengoz ikurriña aidean…

Laura Mintegi (UEUko Literatura Saila) / Argazkia: Baleren Bakaikoa eta Martin Orbe. Larraona, 1984 (Laura Mintegi)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude