1989an ezagutu nuen nik UEU Jexuxmari Zalakain, Antton Azkargorta eta Niko Xamardoren eskutik. Orduan doktoregoa egiten ari nintzen eta informazioaren manipulazioari buruzko ikerketa bat egiten ari ginen ikasle batzuk aipaturiko irakasleekin. Urtean zehar prestatu genuen lana, eta UEUn aurkeztu genuen, Larraonan. Gogoratzen dut nik propaganda politikoaren inguruan hitzalditxo bat prestatu behar nuela, Goebbels-i buruzkoa uste dut . Euskaldunberria nintzen eta oso beldurtuta nengoen, baina, tira, oso giro atsegina lortu eta lan duina egin nuelakoan nago. Orduan, gau bat baino ez nuen eman Larraonan, eta itzultzeko irrikaz geratu nintzen. Beraz, hurrengo urtean, astebeteko ikastaro batean parte hartu nuen, orduan lagun bat lagunduta. Eta oraindik oso kariño handiz gogoratzen ditut bertan egindako ikastaroak eta, bereziki, -ezin ukatu- parean genuen tabernako terrazan emandako gauak. Ez ditut izenak aipatuko, baina mitifikatuta nituen idazle, intelektual eta politiko asko ezagutzeko aukera izan nuen gau horietan, freskagarri, gin-tonic, kalimotxo edo garagardo baten/batzuen aurrean… Asko ikasi nuen bost egun horietan eta oso ondo pasatu ere. Batzuetan eskoletara joaten ginen gau-pasa eginda eta ia ia lo geratzen ginen…, baina ez genuen huts egin.
Beste urte batean (uste dut 1994ean, seme nagusiak urtebete zuela) ondo gogoratzen dut Udaro aldizkaria sortu genuela eta bertan gauza serioak zein bertako “txutxumutxuak” ere idazten genituela… Irrati eta telebista ere sortu genuen, eta Euskalerria Irratian ere izan ditugu gure minutuak…
Gehiagotan itzuli naiz, seme txikia ere eraman dut (ondo gogoratzen du “oso gela txikiko hotel horretan” egon zela); Baiona, Biarritz ere ezagutu ditut, eta bakoitzean modu ezberdinez bizi izan dut esperientzia… Egia esan, azkenengoan joan-etorria egin nuen eta konturatu nintzen gaueko tertuliek ere oso paper handia jokatzen dutela ikastaroetan, eta horiek galduta, ez direla berdin bizi…
Hauxe da nire bizipena, eta dudarik gabe, UEUk zor diot orain EHUn irakasle izatea, hor “izotza” apurtu eta lehenengo aldiz euskarazko eskola bat eman nuelako.
Arantza Gutierrez (UEUko Kazetaritza Saila) / Argazkia: Global Jet