Kriseilua

1996ko uztaila. Gauerdia pasata, natur zientziak saileko dozenatik gora partaide txalupan, denak neoprenoz jantzita, Lekeitioko San Nikolas edo Garraitz irlarantz, itsasoaren ilunari begira, olatu artean jauzika. Gure alaba Oihanak artean 8 hilabete zituen, eta hantxe zihoan guztion artean, segurtasun uhalaz aulkian lotuta, motorraren aurreko tostan, batzuen eta besteen festei irribarrez erantzunez. Zirrara kutsatu zitzaion hari ere. Behin irlaren atzealdera iritsita aingura bota, eta binaka edo hirunaka uretaratu ginen: a ze korapiloa sabelean, ur beltz haietan murgiltzean! Urpeak beti ere erakarpena eta emozioa nahasten badizkit, gauez barneratzeak areagotu egiten du bigarrena. Hain gara ezgauza baldintza horietan! Dena ez da iluna, baina, itsasoan; besoak edo hegatsak astintzerakoan zilar-koloreko distira miragarriak ikusten genituen, plaktonaren osagai diren dinoflagelatuek aztoratzen direnean eragiten dituztenak. Talde txikitan txandaka, irlarantz igeri egin, eta bertako harkaitzetan murgildu ginen, baita koba nagusietan barneratu ere. Eskuargien fokupean sekulako mundua zabaldu zitzaigun begien aurrean, kolorez eta mugimenduz betea: arrainak ugari -durdoiak, txilibitoak, fanekak, muxarrak, krabarrokaren bat…–, txautxak, lore itxurako espirografo galantak, txangurro eta txamarrak, algazko larre aldakorrak, horrenbeste anemona, aszidia eta belaki harkaitz-azpiei itsatsita… egunez ere urpeak mudu liluragarria eskeintzen duen arren, gauez are bikainagoa da ikuskizuna. Sekula ez ahazteko modukoa! Berriro txalupara igo eta Kaiera bueltan, Oihana txikiak lo hartu zuen motorraren burrundaren laguntzaz, mantatxoan epel bilduta. UEU beti izan da niretzat ametsak egi bihurtzeko bidea ematen digun kriseilua.

Joxerra Aihartza (UEUko Natura Zientziak Saila) / Argazkia: findwallpaper.info

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude