P(r)entsa bulegokoak

Ez naiz egundo egon ikasle edo irakasle UEUren udako ikastaroetan, baina Leioako fakultatean kazetaritza ikasle eta AEKren Aizu! aldizkarian kolaboratzaile nintzela, bi “kazetari harrobi” horietan fitxatu gintuzten hainbat lagun Larraonako prentsa bulegorako, 80ko hamarkadan. Aukera aparta zen guretzat: hamabost eguneko praktikak, egonaldia eta otorduak ordainduta. Eta banako logela, aizu! Hori bai, bainuontzia zeukana ez zitzaidan inoiz tokatu. Orain, pentsatzen jarrita, uste dut mitoa zela eta ez zegoela benetan bainuontzidun logelarik.

Mende laurden igaro da gutxi gorabehera uztaileko bi opor aste Iruñean ematen hasi ginenetik; hortaz, ez dut gogoan ez zenbat aldiz joan naizen ezta azkenekoz noiz egon nintzen ere, baina dezente edizio izan dira, hori ziur. Larraonan prentsa bulegoa atontzen ziguten, moketa marroia eta bi ate zituen sarrera ondoko gela handi hartan. Bertan pasatzen genuen eguna kazetarikumeok, Arcadio kardinalaren begirada zorrotzaren pean, oin hutsik mahai borobilaren inguruan, izerdi patsetan, eguneko elkarrizketak eta argazkiak egunkarietara garaiz bidaltzeko estu, Estafeta kaleko gozodendatik askaritarako iritsiko ziren koronita pastelak amets.

Gure betebeharra zen Larraonan euskaraz lantzen zen jakinduria komunikabideen bidez zabaltzea. Eta gela hura talaia ederra zen UEUko ikastaroetan zer gertatzen zen jakiteko: ikasle fin eta dutxatu berriak, klaserako bidean; bezperan Garesko jaietan parranda egindako bakarren bat, kanpoko besaulkietan erdi etzanda; despistatuak, prentsa bulegoa harrera gela zelakoan, galdera harrigarriak egiten; bazkalondoko kafe zaleak, Larraona bertako tabernan, Tourreko etapa ikusten; UEUko unean uneko zuzendaria, dena ondo zihoala ziurtatzeko bisitak egiten… P(r)entsa bulegotik pasatzen ziren ikastaroak eskaintzera etorritako irakasleak ere, beti prest gure galderei erantzuteko (batzuetan, egia esan, zertaz idazten ari ginen ere ez genuen jakiten, hain ziren jasoak ikastaroetan lantzen ziren gaiak; gu, izan ere, letretakoak izan…). Noizbait, denbora tarte bat harrapatuta, interesatzen zitzaigun klaseren batera joateko abagunea ere ukan genuen. Oroitzapen ederrak guztiak, UEUk asko eskaini baitit: lagunak, euskal unibertsoko jende asko ezagutzeko parada, neure burua jantzi eta trebatzeko tresnak… Eskerrik asko guztiagatik!

Bizitzak, ordea, hainbat bide ireki eta beste zenbait itxi egiten ditu. Horrenbestez, urteak dira ez naizela UEUra fisikoki hurbildu. Hala ere, aspaldiko arrak bultzatuta eta zainetan betiko geratu zitzaidan pozoi gozoak eraginda, orain komunikabideen bidez jarraitzen ditut ikastaroak, nostalgia pittin batez. Aurtengoak, noski, ez dira salbuespena izango.

Itziar Egibar (Kazetaritza Saila) / Argazkia: Udako Ikastaroetako prentsa-bulegoa. 1988.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude