Nire bizipenak UEUn

UEUtik eskatu didate nire bizipenen bat konta dezadan. Pentsatzen jarri, baina oso zaila egiten zait, UEUn bizi osoa eman dudala sentitzen baitut, UEU nire biziaren parte dela, eta beraz, ez dakit zein bizipen aukeratu. Zine zuzendari bati bere fotograma onena aukeratzea bezala kostatzen zait. Hortaz, bizipen bat ez, flash batzuk sartuko ditut.

1. Nire lehen esperientzia 1987an izan zen. Itsas ekologiaz hitz egitera joan, Larraonara sartu, eta Koldo Nuñez-Betelurekin topo egin. Koldo zurbil, jendea isilik… bezperan parranda galanta egin izanen zutela pentsatu nuen.

-Eta? Atzokoa gogorra, nonbait?
-Ez dakik hik ondo! 200 lagun ospitaletik pasatu dituk, oraindik badituk dozenatik gora bertan.
-Edaten ez al dakizute, edo?

Gero jakin nuen parranda ez, bezperan salmonellosia harrapatu zutela UEUkide gehienek. Arraina jan arren gutxi batzuk libratu omen ziren, ordea: Joxerra Etxebarria eta beste pare bat, bazkalondoan tourra ikusten hainbat wiski hartuta. Eta esanen dute edatea txarra dela!

2. Urte haietan, klasetik irten eta bazkaltzera. Mahai luze batean aurrez aurre Joxerra Aihartza, inguruan bertsolaritza, poesia, eta horrelako ikastaroetara joandakoak. Joxerra orduan Mungiako baserri batean lanean ariki, oilo-zirinarekin konposta nola egiten zuten kontatzen hasi zen. Halako batean nire ingurura begiratu, eta jende guztia aho-zabalik, plateran zutena ahaztuta, Joxerrari so, haren entusiasmoa zeri zegokion, eta oilo-kaka gora, oilo-kaka behera… Eta batzuk usteko dute badirela interesgarriak ez diren gaiak!

3. 1991. urtea. Natur Zientziak Sailaren lehen ikastaro monografikoa: Naturaren kontserbazioa. 20 ikasle espero genituen eta 90etik gora bilduta, gela handiren baten bila desesperatuta. Ikastaroa amaitu eta irteera Belagoara. Han bi egun kiskaltzen igarota, buelta Iruñeara, mendian bildutako datuak astelehenean eztabaidatzera. Igande gauean, ordea, Agoizko tabernara bisitarik egin gabe ezin egon. Potea jarri genuen, milana pezeta, eta niri egokitu hura gordetzea.

Sartu, eta tabernariari: “Tenemos 90.000 pesetas de bote. Empieza a sacar cerveza, y cuando se acabe me avisas”. Hura lanean hasi zen, baina ezin denen egarria asetu. Gaueko hamabietarako, tabernaria eta haren emazteaz gain, bi UEUkide ere garagardoa zerbitzen ari ginen. Goizeko ordubata aldera dirua amaitu zela eta beste zeozer jarri genuen. Goizeko lauretan despedida, txanpaina tabernariaren kontura. Ez dut uste sanfermin osoan halako negozioa eginen zuenik Agoizkok.

4. 1992. urtea. Pirinioei buruzko ikastaro monografikoa. Irteera nora? Sobronera, alajaina! Joxerra Aihartzak bere burutazioetako bat izan zuen: “Bil dezagun talde bat, eta pasa dezagun urte osoa Sobron aldea aztertzen, ez dakigun hori ikasten. Urte osoan horrela ibilitako ikasleak udan irakasle jarriko ditugu”. Irteera bat egin, 20 bat lagun bildu, eta han hasi ginen: zuek biek hegaztiak, zuek mikrougaztunak, zuek likenak… Gutxitan ikusi dut hain denbora gutxian hainbeste ikasi duen jendea. 20 urte igaro badira ere, urte hark utzitako arrastoa bistan dute gehienek.

5. Handik urtebetera-edo. Natur Zientziak saileko 20 lagun bildu ginen Belagoako aterpean, UEUren egituraketa aztertzeko. Orduan proposatu zen UEU bazkidez osatutako erakundea izan behar zuela, bazkideek kuota ordaindu behar zutela, sailean aldizkari bat (Inoizkaria famatua) atera behar genuela, eta UEU gaur den bezalakoa egiten duten ezaugarri gehienak finkatzen hasi ziren. Asteburu osoa eztabaidan aterpean, igande arratsaldean argazki bat egiteko besterik ez ginen atera. Laino itxia zegoen.

6. Argazkilaritza guorxopa. Hainbat UEUkide beren argazki-kamerarekin asteburua elkarrekin eztabaidan pasatzeko prest. Iratira joatekoak ginen, baina sekulako elurtea bota, eta azkenean Jacan bukatu. Egun batean Garcipollerara azaldu, autoetatik atera eta basurde-talde bat guregana, goseak amorratzen, bazka-eske. Dozenaka argazki belaunetik gorainoko elurretan, basurdeak ondo-ondoan. Bat, argazki artifizialak gustuko ez omen zituena, tripodea eta flasha atera, 28 mm objektiboa jarri, eta metro erdiko distantziara argazkiak ateratzen.

7. Izaba, 2000. urtea. Ikastaroaren izena Teknikak basabizitzaren kudeaketan. Egun baten sarrioen zentsoa egitea tokatzen zitzaigun. Lauzpabost taldetan banatu, goiza mendian eman, eta bueltan elkarri zenbat sarrio eta non ikusi genituen esan beharra. Badakizute horrelakoetan ze lehia sortzen den. “Guk bi ikusi ditugu”, “guk lau”…

Gure taldearen txanda tokatu zenean jendeak ez zigun sinesten: 2 erbi, 3 azeri, 3 orkatz, 5 orein, 25 basurde eta 90 sarrio inguru.

8. 2002. urtea, ikastaro ibiltaria Pirinioan barrena. Astebeteko trabesia, dendak, teleskopioak eta traste guztiak bizkarrean hartuta. Hara non partaidetako biri denda autoan ahaztu egin zitzaien. Egun batean Bujarueloko lepoaren inguruan gaua pasa behar genuen, eta ekaitz-giroa izaki, haiek kexu, ez zutela non lo egin. Beheraxeago bazegoela harpe bat esan genien, eta han sartzeko. Haiek ezetz, harpeetan tximistak jotzen duela. Ez dut gogoan non eta nola egin zuten lo. Baina biharamunean Goriz inguruan ginen. Aterpea gainezka, han lo ezin egin, beheraxeago dendak jarri genituen. Halako batean ekaitzak jo zuen, hara non Esti Sarrionandia eta biok bakarrik geratu ginen dendan lotan, beste guztiak, harpefobo horiek barne, inguruko harpe batean babestuta!

9. 2000. urte inguruan. UEUko Talde Eragilekoak Eibarrera joan gara, udalaren jauregi bat bisitatzera. Isasi jauregia, izen ezin aproposagoa Xabier Isasik zuzentzen duen taldeak bere ikastetxe nagusia bertan finka dezan. Udaleko ordezkariek lekua erakutsi digute, eta lagapenaren baldintzak zehaztu: UEUk konpromezua hartu behar du urtean bost ekitaldi egiteko bertan. Handik begiak zabal-zabalik irten gara, horrenbeste estuasunen ondoren halako mahuka egokitu zaigula sinetsi ezinik. Baina Xabierrek halako batean galdetu digu ea ziur gauden UEU gai izan daitekeela urtero bost ekitaldi bermatzeko, alegia, bost hitzaldi, bilera, edo horrelakoak. Baietz esan diogu, hala uste dugula, baina inork ez zuen erabateko ziurtasunik. Nago gehienak kontuak ateratzen aritu ginela, gutako bakoitzak zenbat hitzaldi antolatu beharko zituen. Gaur egun, UEUk urtean dozenaka ekitaldi antolatzen dituela, gezurra dirudi duela ez hainbeste horren eskasak izan ginenik.

10. 1987 eta 2000. urteen bitartean. Izan daiteke Landesetan, Gredosen, Zamoran, Palentzian, Pirinioetan edo Bardean. Horietan guztietan eta gehiagotan ibili ginen asteburuko irteerak egiten. Eguna mendian eman dugu, bero sargorian, elurretan edo euripean, baina primeran pasatu dugu, asko ikasi, eta elkarrekin gozatu. Afalorduan txabola zahar batean gaude (edo dendatan, edo lurrean etzanda). Menua: spaghetti al pesto, fuet, gazta eta ogia. Afaldu bitartean eztabaida zientifiko samarra joan da: animalien jokabidea, naturaren kontserbazioa edo Euskal Herriko landarediaren aldaketak. Gero norbaitek patxaran-botila bat atera du, eta kantuak hasi dira.

Halako batean Mateo Pagazaurtuondua zutitu da, eta errusieraz hizketan hasi zaigu. Spitxa lehendik prestatuta behar zuen, zalantza izpirik ez baitu erakutsi. Beti errusieraz, jendearen arreta bereganatu, eta korua antolatzen hasi da. Hau kantatu dugu (zirilikotik euskal grafiara ekarrita):

Antoxka, antoxka, paidion kapax kartoxku.
Tilibili, prahadili, eta nam nie zadabali, eta nam nie prahadili.
Porronponpon!

Hala bedi!

Arturo Elosegi (UEUko Natura Zientziak Saila) / Argazkia: Arturo Elosegi. Vignemale parean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude