UEUk 40 urte

Asko dira UEUko Musika Sailaren hogei urte inguruko bizitzan gertatutako pasadizoak. Urtero suertatu izan dira gutariko askorentzat ahaztezineko bizipen eta gertaldiak. Nik, hemen, horietako baten kontakizun xumea emango dizuet.

90eko hamarkadako UEUren Iruñeko udako ekitaldi batean –ez dut gogoratzen urtea–, ia urtero egin ohi genuen bezala, irteera edo bisitatxo prestatzen hasi ginen. Uztailak 23 zituen, eta arratsaldeko emanaldian, nonbaitera atera behar ginela-eta, gutariko bati Leireko monasteriora joatea otu zitzaion, fraideen iluntzeko errezoen errezitaldia (gregorianoa) bertatik bertara entzuteko. Pentsatu eta egin; han ginen 15 bat lagun, iluntzeko 8ak bueltan, monasterioko elizaren aurreko jesarlekuetan, txintxo eta isilik. Gure arteko banaka batzuk lehenengo aldiz ikusiko zituzten fraideak beren otoitz zereginetan.
Halako batean, barruko ate batetik sartu eta han kokatu zen fraide andana aldarearen inguruan. Errezoak (bezperak) hasi eta ekitaldia lasai joan zen, errezitazio gregorianoak duen monotoniarekin.
Ekitaldia amaitu eta fraideak banan-banan erretiratu ziren. Haietariko bat, hala ere, gure taldera hurreratu eta komentatu zigun handik bi egunera, Santiago egunean, errezoak era solemnean emango zituztela.

Hurrengo egunean, Larraonan, laster zabaldu zen berria; hau da, musika saileko kideok Leirera bueltatuko ginela Santiago egunean, eta hara joan nahi zuen edonork eman zezala izena. Oraingoan, aurreko aldiko lagun kopurua hirukoiztu edo egin zen. Kontua da talde ederra elkartu ginela Leireko fraideen otoitzaldian. Hala, aurreko bisitan fraide hark esan bezala, errezitatu ez, kantatu egin zituzten bezperak organo laguntza eta guzti.

Amaitu zen ekitaldia, eta fraide organo-jolea –txikitxoa bera–, bisitari kopuruak liluratuta edo, Bach-en Tocata eta fuga jotzen hasi zitzaigun. Gu, serio demonio, berarengana inguratu eta errespetu osoz isil-isilik entzuten. Baina gure fraideari Bach handitxo geratu, nonbait, eta “abitu bete lan” ezin inondik eta inora pieza tolestu. Halako batean, akorde gogor eta ozen batez, pieza amaitutzat eman zuen; eta, aulkian bira eginda, geuri begira jarri zen txalo-zaparradaren zain. Guk, txalo eta “bravo” artean, ez genion huts egin, baina irribarre kolektibo eta konplize hari ezin eutsi izan, bada… Eta fraide artista haren barne-pozak zera ekarri zidan gogora, garai bateko Zamudioko abade zahar organo-jolea. Hark ere, meza nagusi eta funtzio solemneetan, kirie hiru edo lau ahotsetara kantatzen zuen berak bakarrik.

Beraz, kontu horiek denak eta beste batzuk direla medio, hobeto ulertzen ditut musiko eta musikazaleon arrakalatxoak.

Joxe Ramon Arbe (UEUko Musika Saila) / Argazkia: Joxe Ramon Arbe. leireko monastegia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude