Hamaika urte, hamaika bizipen

UEUren berri, nire maisu eta laguna den Martin Orberen bidez jaso nuen 1980. urtean eta UEUrekiko lehenengo harremana liburugintza arloan izan nuen. UEU hasita zegoen ordurako testuliburuak argitaratzen eta liburu batzuk mekanografiatu nituen. Bai, mekanografiatu, garai horretan originala eskuz idatzia jasotzen baikenuen eta guk maketatu, egileak zuzendu, tippex-ekin akatsak ezabatu eta akatsa zuzendu, egileari pasa berriro, zuzenketak sartu, eta argitaratu bitarteko prozesua egiten genuen.

Bi urte beranduago, 1982an joan nintzen lehen aldiz UEUren Udako Ikastaroetara idazkaritza lanetan laguntzera.

Martin, nire bila etorri zen etxeraino bere “doscaballosean” eta han joan ginen biok Iruñera igande arratsaldez, Udako Ikastaroetarako behar genuen material guztiarekin. Gu bezala, beste lagun talde bat ere bertaratu zen eta ez nola-halakoa, (unibertsitateko irakasleak ziren gehienak eta euskal kulturan eta euskalgintzan erreferenteak). Batzuk ezagutzen nituen liburu egile ere bazirelako, beste batzuk ez… baina euren gizatasunak erakarri ninduen, gerora ondo baino hobeto frogatu ahal izan dudana eta UEUko ezaugarritzat dudana.

Denon artean idazkaritza antolatu, ikasgelak banatu, Larraona apaindu eta dena prest utzi genuen, hurrengo egunean Udako Ikastaroei hasiera emateko. Baina ordurako lan izugarria egina zuten ikastaro arduradunek eta zuzendaritza taldekoek ikastaro guzti haiek antolatzen eta berauen ilusioa eta indarra berehala jaso eta barneratu nuen.

Ondoren, afaltzera joan ginen. Lagun giro polita izan genuen bertan eta neu berria izan arren ederto baten lagundu zidaten murgiltze prozesuan, eta beste bat gehiago sentiarazi ninduten hasieratik bertatik.

Udako Ikastaroak intentsuak izan ziren eta bertaratutako jendearen inplikazioa eta elkarlana izugarria. Hamabostaldi bikaina pasa nuen bertan eta gerora urte askotan errepikatu dut, hasieran Martini laguntzera eta gerora, antolaketan murgilduz.

Baina lanera joan arren, beti atera izan dut lagun artean egoteko tartetxo bat: ikasle eta irakasleekiko hartu-emona, partida bazkalondoan, kantaldia Larraonako eskilaretan, dantza ikastaroa afal aurretik, prentsa-bulegokoekin afaria, pasiloko tertuliak, Mañeruko buelta, izarrak ikustera fisikariekin, dinosauruekin afaria… hamaika urte, hamaika bizipen…

Ibilbide horretan ezin aipatu gabe utzi UEUko zuzendariak, lan itzela egin baitute, unean-uneko oztopo guztiak gaindituz, UEU 40 urte hauetan aurrera ateratzeko. Bide horretan, ordea, ez dira bakarrik egon, UEUk duen ezaugarrietako bat bilgune izaera baita eta UEUren inguruan bildutako pertsonen lan isil eta nekaezinari esker UEUk aurrera jarraitzen baitu.

Mila esker Martin UEU ezagutzera ematearren eta eskuminak UEU dela medio egindako lagun guztioi !!

Musu bana.

Mari Karmen Menika (UEUko Ikastetxe Nagusiko arduraduna) / Argazkia: Mari Karmen Menikari omenaldia. 2007.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude